Josu Presa: “Suhiltzaile lana oso gogorra da eta antzerkiak bizipoza ematen dit”

Anboto 2017ko urt. 14a, 10:00

Suhiltzailea da ofizioz, eta antzerkia du pasio. Maiatzean hartuko du erretiroa lanetik. Antzerki munduan Pirritx, Porrotx eta Marimototsegaz kolaboratu du Josu Presak. Sudur gorriak barruan duen hori ateratzeko aukera ematen diola dio, eta antzerkiak “ogibide hau eramateko beste modu bat”.

Suhiltzailea zara ofizioz eta antzezlea afizioz.
Bai! Suhiltzailea izatea da nire bizitza. Asko maite dut ogibide hau. Hala ere, gure lana oso gogorra da, oso egoera larriak bizi ditugu, eta antzerkiak bizipoza eman dit; ogibide hau eramateko beste modu bat. Mendia, antzerkia eta pilota ere asko gustatzen zaizkit. Pilotan ibilia ere banaiz, afizionatu mailan,  20 urte nituenean.  

Zenbat urte daramatzazu antzerki munduan?
Lagun talde batek Landaberri antzerki taldea —orain, Kukuka— sortu genuen duela 15 bat urte, Lasarten. Tarteko zegoen baita Joxe Mari Agirretxe ‘Porrotx’ ere. Orduan sartu nintzen ni antzerki munduan.

Orduan sortu zen Pirritx, Porrotx eta Marimototsegaz duzun hartu-emana?
Takolo, Pirritx eta Porrotx zirenean sortu zen gure arteko harremana. Gogoan dut Bilbao Exhibicion Centerren  (BEC) ikuskizuna grabatu zutenekoa. Atzean, figurante moduan parte hartu genuen antzerki eskolakook. Itzela izan zen. Beteta zegoen. Gero, Ilargiaren sekretua (2004) filmean ere parte hartu nuen. 15 segundo agertzeko, egun osoa behar izan genuela gogoratzen dut! Dena den, Donostiako suhiltzaileekin grabatutako Suhiltzaile izan nahi dut (2007) ikuskizuna izan da niretzat garrantzitsuena.

Horretan ere parte hartu zenuen?
Bai, Donostiako suhiltzaileekin batera. Umeei suhiltzaileon lana erakusteko ikuskizuna izan zen. Gure lana ulertzeko modua ere izan zen hura. Nola itzaltzen dugun sua, ateak irekitzeko modua, uretako erreskateak... erakusten da ikuskizunean.

Iurretako suhiltzaile-etxean lan egiten duzu. Hala ere, erretiroa hartuko duzu maiatzean. Sudur gorri moduan ere bai?
Aurten, apur bat alde batera utzi dut antzerkia, baina ez dut uste antzerkia inoiz utziko dudanik.

Zer da sudur gorria, ba, zuretzat?
Beste norbait izateko aukera ematen du sudur gorriak, barruan duzun hori ateratzeko aukera. Inauterietan mozorroak beste norbait bihurtzeko aukera ematen duen moduan. Gainera, esan behar da, maskara gisa, bizkarra emanda jarri behar dela sudur gorria; baita kendu ere. Oso irakasle onak izan ditut nik: Joserra Fachado izan dut irakasle 10 urtean. Gerora, Miren Gojenola ere bai.

Berezia, hunkigarria izango da umeekin lan egitea...
Umeak ez daude kutsatuta. Dena sinesten dute. Suhiltzaile-etxera etorri izan direnean ere jarri izan dut sudur gorria, eta hemen dugun bizikleta zahar bategaz jardun dut eurekin. Suhiltzailea kaskoagaz eta sudur gorriagaz ikustean aho zabalik geratzen dira. Beraiek zer sentitzen duten? Eurei galdetu behar. Hala ere, antzerkiko arlo asko landu ditut.

Zeintzuk?
Sudur gorria antzerkiaren alde bat da. Drama, salaketa antzerkia, maskara edo absurdoa ere egin ditut. Azken hori da gehien gustatzen zaidana.

Zeintzuk izan ziren zure haurtzaroko pailazoak?
Miliki, Fofo, Fofito... harexek zeuden orduan. Hala ere, asko aldatu da dena. Orain, abaniko zabala dago antzerki munduan, eta jende oso ona dago.

Zer dute Pirritxek, Porrotxek eta Marimototsek halako arrakasta izateko?
Ez dakit, ba! Gauza batzuk ezin dira esan, sentitu egiten dira.  Beraiek direlako dute arrakasta, transmititzen duten energia positiboa, maitasuna, irribarrea.. Gainera, gai sozial asko lantzen dituzte eta elkarte askogaz egiten dute lan.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!