Hiru ikastetxetako gaztetxoek parte hartuko dute tailerrean, hogei laguneko taldetan. Ordubeteko saioa izango da; beraz, oinarrizko gai batzuk jorratuko dituzte, Aiartzaguenaren arabera. "Nire asmoa komikiak edo narrazio grafikoak dituen tresnekin jolastea izango da, horrek erabiltzen ikastea", esan du iurretarrak. Praktika egingo dute ikasleek. "Aldizkari ugari eramango ditut, eta collage moduan planteatuko dut tailerra", dio Aiartzaguenak. Marrazkilariak esan du komiki bat ona izateko ez dela zertan polita izan; komikiaren tresna horiek ondo edo modu egokian erabiltzea da kontua.
Sekretu horiek kontatuko ditu, beraz, Aiartzaguenak Saguganbaran.
'Irribarrez'
Marrazkilari senari bide eman zion Aiartzaguenak Arte Ederrak ikasita, eta azken boladan komikigintzan murgilduta ibili da. www.irribarrez.info ataria dauka Interneten, eta bertan eskegitzen ditu lanak. Aurreko ikasturtean, egunero tirak argitaratzen ibili zen, eta lasaiago bada ere, oraindik ere badabil lanean. "Ahal dudan heinean, egunean tira bat-edo publikatzen jarraitzen dut sare sozialetan", azaldu du. Bestalde, H28! aldizkari digitalean ere parte hartzen du, azokan presente egongo dena, urtekariagaz.
Barrura begira
Argitaratu eta kanpora atera arren ere, argi du barrura begiratzeko modu bat dela, batez ere, bere lan hori. "Batez ere, lagundu egiten didalako marrazten dut, niri irribarrea ateratzen didalako. Irribarre hori zenbat eta jende gehiagogaz partekatu, bada, gero eta hobeto, baina niretzat egiten dut. Neu naiz nire zentsuratzaile eta muga bakarra", aitortu du iurretako artista gazteak. Ez hori bakarrik, bere ustez, norbere burua izan ohi da kritikoena sarritan.