Aurtengo sailkapena errepikatzea ez da erraza izango. Erronka gaitzagoa du aurretik. Izan ere, iaz 4.000 puntu zituen sasoi honetan; aurten, aldiz, oso gutxi ditu. Baina buru-belarri saiatzeko prest dago. Eta aurten lortu ezik, 2018an helburu beragatik borrokatuko du, baina denbora gehiagogaz: “Aukera bakarraren alde denbora asko hipotekatzea da, baina borrokarako helburua horixe dela uste dugu. Distantzia luzeko triatloietan dagoen hitzordurik inportanteena da, eduki daitekeen helbururik nagusiena, eta hortxe egon gura dugu”.
Aurten lehenengoz parte hartu du Hawaiiko (Kona) Ironmaneko munduko txapelketan. Ezin izan du bererik eman. Gorputzak ez zion erantzun. Baina badaki 33. postuak ez duela bere benetako maila islatzen: “Behin egonda eta probatuta, lasterketa ona egin dezakedala uste dut, 10-15 onenen artean geratu nintekeela”. Eta helburu hori buruan duela lan egingo du.
Hawaiitik bueltan aukera bi zituen: berehala puntu batzuk batzen saiatu urte amaiera luzatuz, edo atseden hartu eta denboraldi berria denboragaz prestatu, udaberriko hitzorduei ahalik eta berme handienagaz aurre egiteko. Bigarren bidea aukeratu du.
Hegoafrikako Ironmana apirilean eta Brasilgoa maiatzean ditu puntuak batzeko hitzordu nagusiak. Proba horietako emaitzek erakutsiko diote bidea: bere ahalegina 2017ra bideratzen jarraitu edo, bestela, aurtengoa alboratu eta abuztutik bertatik 2018rako munduko txapelketara begirako plangintzagaz hasi.
Triatloi txapelketa
Denboraldiko beste hitzordu nagusi bat distantzia luzeko munduko triatloi txapelketa izango da. Aurten ezin izan du parte hartu Hawaiiko proba baino 15 egun lehenago zelako, baina 2017an parte hartu gura du.