100 lagunetik gora batu dira Iurretan eraso sexistarik ez dutela onartzen aldarrikatzeko

Anboto 2016ko urr. 10a, 19:23

Udalak, jai batzordeak eta Anderebide elkarteak deituta, elkarretaratze jendetsua egin dute gaur Iurretan, urriaren 2ko eraso sexista salatzeko.

Iurretako biribilgune ondoan, Durangorantza doan espaloia bete dute 100dik gora lagunek, azken eraso sexistarengatik protestan. Jaietan izan zen erasoa, eta horregatik, jai batzordea ere batu da deialdira. Nagusi zein gazteak, emakume eta gizonak... Mobilizazio anitza izan da. Iñaki Totorikaguena alkateak ere parte hartu du.

Ordu laurdeneko elkarretaratze isila burutu dute, eta amaieran, Liher Aiartzaguenak -jai batzordeko kidea eta zinegotzia- hartu du berba. Azalpena eman ostean, eskerrak eman dizkie bertaratuei, eta jaietako erasoa "ea azkena den" esan du itxaropenez.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!