Iurretako jaietan sufritutako eraso sexista bat salatu dute neska bik

Anboto 2016ko urr. 10a, 14:19

Urriaren 2an, zapatutik domekarako goizaldean, gertatu zen erasoa, plaza inguruan. Erasoa jasandako bi neskek salaketa ipini dute, eta Ertzaintza ikertzen dabil. Udalak, jai batzordeak eta Anderebide emakume taldeak elkarretaratzea deitu dute gaurko, 19:00etan, Goiuria kulturgunearen aurrean.

Goizaldeko 05:30ak pasatxoan gertatu zen eraso sexista. Neska biak txiza egitera joan ziren; ezustean, gizon bat gainera bota eta musuka hasi zitzaien. Erasotzailea gainetik kentzea lortu zuten, eta beste leku batera joan ziren txiza egitera. Baina, han ere agertu zen erasotzailea, eta laguntza eskatu behar izan zuten. Lagunak hurreratu zirenean, Sos Deiakera deitu zuten laguntza eskatzeko eta erasotzailea harrapatzeko asmoz. Erasotzaileak ihes egin zuen Durangorako norabidean, eta Ertzaintza etorri arren, bere pista galdua zuten ordurako.

Erasoaren aurrean, elkarretaratze bateratua deitu dute udalak, jai batzordeak eta Anderebidek, eta herritarrei parte hartzeko deia egin diete. Erasoa jasan duten emakumeei babesa agertu diete, eta baliabideak euren esku jarri ere bai. Gaitzespena azaldu dute eraso honen eta emakumeen aurka gertatzen diren indarkeria mota guztien aurrean ere.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!