Markel Areitio: "Txikitatik eduki dudan amets bat da, eta ez dut sinisten oraindik"

Anboto 2016ko ira. 18a, 13:33

Argazkia: La Liga

Futboleko lehen mailako debuta ezustean heldu zaio Markel Areitio atezain iurretarrari. Epaileek Riesgo joan zen astean eta atzo Yoel kaleratu ostean, Eibarren atea defendatu zuen, maila ona erakutsita. Oso pozik dagoela adierazi dio ANBOTOri. 1-1 berdindu zuten Sevillaren aurka.

"Txikitatik eduki dudan amets bat da, eta ez dut sinisten oraindik". Markel Areitio gazteak bazekien atzo debuta egin ahal zuela, prest zegoen, baina ezin uka "karanbola" bat bizi izan duenik. Vitoria filialagaz jokatzetik Europa Ligako txapeldun den Sevillaren aurka jokatzera pasa da astebetean. "Arraroa da jardunaldi bitan bi kaleratze egotea, baina banekien prest egon behar nuela". Zelaira atera orduko, bera kapaza zela esan zioten Mendilibar eta enparauek. "Hasieran urduri" egon zela aitortu arren, minutuek aurrera egin ahala lasaitu zela esan du Areitiok.

Atezain sena odolean darama Areitiok. Carmelo Cedrun handiaren anaiaren biloba da. Athleticekin gazte mailetan jokatu izan du, eta orain Eibarren armaginen parte da. Berez filialeko kide da, baina ikusi behar atzoko debutaren ostean denboraldiak zer eskaintzen dion.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!