Iurretak ere ‘agur eta eskerrik asko’ esango dio Pablo Berasaluzeri

Anboto 2016ko ira. 14a, 15:34

Ezkerretik eskumara: Valen Calleja, Pablo Berasaluze, Mikel Larunbe eta Iñaki Totorikaguena

Pablo Berasaluzek gertuko hartuemana izan du urteetan Iurretagaz eta bertako pilota klubaz. Irailaren 25ean, San Migel jaietan, agur partidua jokatzeko aukera eskainiko diote. Sarrerak kultur etxean edo pilotalekuan eskuratu daitezke.

Irailaren 25a, hauteskunde eguna ez ezik, Pablo Berasaluzek Iurretari agur esango dion eguna ere izango da. Iurretako Olaburu Pilota Kirol elkarteak —udalaren laguntzagaz— antolatutako partidu profesionaleko protagonista nagusia izango da: Mikel Larunbek eta biek, Bengoetxea VI.a eta Ibai Zabala izango dituzte kontrario 17:00etatik aurrera.

“Iurretan gertukoa izan dugu Pablo Berasaluze”, azaldu du Iñaki Totorikaguena Iurretako alkateak: “Bai bertan entrenatzen eta bai bertako gazteekin bere jakintza erakusten aritu delako. Pilotari ikusgarria izateaz gainera , pertsona apal eta zintzoa da. Horregatik denegatik, esker ona adierazi nahi diogu” . Olaburu pilota elkarteko Valen Callejak urteetan Berasaluzerengandik jasotako laguntza gogoratu eta eskertu du: “Klubak izan duen goranzko ibilbidean parte hartu du eta arlo pertsonalean ere Iurretako bat gehiago lez hartzen dugu. Hori guztia eskertzeko modua da agur partidua”.

Pablo Berasaluzek omenaldi “berezia eta polita” izango dela adierazi du  eta orain arte bizi izan dituen denak ere horrelaxe definitu ditu: “Ezingo nuke bat bestearen gainetik bereiztu. Denak izan dira bereziak eta politak”. Iurretako Olaburu pilota elkartean emandako uneak gogoratu ditu: “Ordu asko eman ditut klubean. Momentu on asko bizi izan ditut. Nitaz gogoratu izana oso polita da eta eskerrak eman nahi dizkiet klubari, udalari eta parte hartu duten denei”.

Atariko partidua

Aurretik Iurretako pilota klubeko partidu bat jokatuko dute Unai Badiola-Mikel Bereinkua eta Jon Inunziaga-Gorka Otaduy bikoteek. Badiolaren 34 urteetatik Inunziagaren 16 urteetara, pilota elkarteko belaunaldi desberdinen arteko lehia eskainiko du atarikoak. Profesionalen aurreko partiduan jokatzeko aukera eskainita, klubean urte asko daramatzan Badiolari esker oneko keinu bat ere egin gura izan diote antolatzaileek Valen Callejaren esanetan. Gaztetxoen arteko partiduak ere antolatuko dituzte 16:00etatik aurrera.

Jaialdirako sarrerak (20 euro eserita, 10 zutik) goizetan Ibarretxe kultur etxean eta arratsaldetan Olaburu pilotalekuan eskuratu daitezke.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!