Giza eskubideen alde "trena hartzera" deitu du Sarek

Anboto 2016ko mai. 14a, 12:52

Giza eskubideen aldeko ekitaldia izan zuten, atzo, Iurretan, Sare plataformak deituta. "Dispertsioarekin amaitzearekin batera, bizi osorako zigorrak etetea eta gaixorik dauden presoen egoera konpontzea urgentea" dela nabarmendu zuten. Gorka Fraile preso durangarra ere hartu zuten gogoan. Bihar, maiatzaren 15ean, Gallandara mendi irteera egingo dute.

Sare plataformak "aspalditik martxan den trena hartzera" deitu zituen iurretarrak, Dantzari plazan egindako ekitaldian. Preso, iheslari eta deportatuen "eskubideen urraketak" salatu eta "horiek etxeratzearen alde ibilbidea" markatzen duen trena, hain zuzen ere. Izan ere, ez dute uste "herri honekbizi duen gatazka politikoa konpondu" daitekeenik "herritar batzuk espetxeetan, ihesean edo deportatuta dauden bitartean". Ildo horretan diote "tren horren azken geltokia" izan behar dela "preso, iheslari eta deportatuen etxeratzea".

Sare plataformaren helburua "tren horri ahalik eta bagoi gehien batzea" da, azaldu dutenez: "Bagoi anitzak, edozein sektore sozial edo politikokoak". Izan ere, "herritarrez osatutako tren horrek lortuko du norabide egokia hartu eta azken geltokiraino heltzea". Bide horretan, "dispertsioarekin amaitzea izan behar da gure lehenengo apustua", nabarmendu dutenez. Horrekin batera, "urgentea" deritze bizi osorako zigorrak etetea eta gaixorik dauen presoen egoera konpontzea. Badajozen dagoen Gorka Fraile preso durangarra ere ekarri zuten gogora.

Giza eskubideen alde urtarrilaren 9rako "aktibatutako energia, indar metaketa, ezin da horretan geratu", gaineratu dutenez: "Urtarrileko mobilizazioak ezin du izan herri honen tradizioetako bat, urtez urte errepikatzen dena". Ildo horretan, 2016ko urtarrilaren 9ko mobilizazioa azkenengoa izan dadin lanean jarraitu behar dela azaldu dute.

Gallandara mendi irteera

Gallandara mendi irteera antolatu dute, bihar,maiatzaren 15ean. Askondon egin dute hitzordua 09:00etan. Amaitzerakoan luntxa izango dute parte hartuko duten guztiek, Dantzari plazan.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!