Totorikaguenak "funtsik gabeko iritziak zuzentzea" eskatu die Emakumeen Birako antolatzaileei

Anboto 2016ko api. 21a, 20:29

Emakumeen Birako antolatzaileek iurretarren inguruan plazaratutako adierazpenek zeresana ematen jarraitzen dute. Agustin Ruiz lasterketaren antolatzaileak egindako adierazpenei PSE-EEk egindako kritikek bigarren adierazpen erronda ekarri dute. Iñaki Totorikaguena alkateak "polemikak saihesteko" eskatu die amaitu berri den lasterketaren antolatzaileei. 

Totorikaguenak azaldu duenez, "nahiz eta eskertzekoa eta mirestekoa den Emakumeen Biraren antolatzaileek egiten duten lana eta konpromisoa uste dut Agustin Ruizek idatzitako iritziak bidegabeko eta guztiz desegokiak direla iurretarrentzako".

Iurretako alkateak gaineratu duenez, "urte askotan zehar Iurretako Udalak Emakumeen Bira kirol froga mantentzeko baliabide asko erabili ditu, bai diru aldetik eta bai azpiegituren aldetik. Iurreta eta iurretarrentzako esfortzu handia suposatzen du honek, ez baitugu ahaztu behar dirua iurretar guztiona dela. Ez dut inolaz ere zalantzan jartzen Emakumeen Bira antolatzen egiten den lana baina ez deritzot bidezkoa horrelako kritikak egitea.

 Polemikak alde batera uzteko eskatu die Totorikaguenak Emakumeen Birako antolatzaileei: "Emakumeen Biraren antolatzaileei eskatzen diet hausnarketa bat egitea, kasu honetan eta orain dela gutxi gertatu zen bezalako kasuetan, apalagoak izatea, funtsik gabeko iritzi horiek zuzentzea eta hurrengo baten horrelako polemikak saihestea". 

Amaitzeko, Totorikaguenak ondorengo eskaera egiten die: "Eskatzen diet ere argi esatea benetan uste badute Iurretak ez duela merezi Bira bertan antolatzea, eta guri horrela jakinaraztea".

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!