Iurretarrak "mespretxatu eta iraintzeari" uzteko eskatu dio PSE-EEk Agustin Ruizi

Anboto 2016ko api. 21a, 13:21

Bizkaiko Txirrindularitza Federazioko presidentea eta Emakumeen Birako antolatzaileetakoa den Agustin Ruizen iritzi artikuluaren aurrean “erabat haserre” daude sozialistak: “Iurretarengatik esan duen guztia gezurra da. Egin dezakeen gutxiena bizilagunei barkamena eskatzea da”.

Agustin Ruizen iritzi artikuluaren aurrean iurretarrak “mespretxatu eta iraintzeari” uzteko eskatu dio Iurretako PSE-EEk. Marian Muñoz bozeramaile sozialistak “errespetua” eta “bere jarrera zein berbak zuzentzeko” eskatu dizkio: “Iurretagatik esan duen guztia gezurra da”, baieztatu du: “Ruizek probari ematen diogun bultzada mespretxatzen du eta gainera iraindu egiten gaitu. Onartezina da eta egin dezakeen gutxiena bizilagunei barkamena eskatzea da”.

“Iurreta da, alde handiz, proba antolatu dadin ekonomikoki eta materialei dagokionez gehien ematen duen herria, 30.000 bat euro”. Muñozen esanetan, “proba honekiko gure apustua, lana eta maitasuna ukaezina da. Udaletik, eta beraz bizilagun denen diruagaz, Emakumeen Bira emakumeen munduko probarik onenetakoa izan dadin lan egin da; ez bizilagunek ez proba honen antolatzaileek ez dugu irainik merezi”. Azkenean, Muñozek dioenez herritarren artean eragin duen “haserrearen” bozgorailua da eta Udalak Biraren zerbitzura utzitako azpiegiturak gogoratu ditu: “Kultur etxea, Goiuria kultur gunea, hesiak, udaltzaingoko eta garbiketako zerbitzu bereziak, eszenatokia, bulego materiala… horri 16.000 euroko dotazio ekonomikoa gehitu behar zaio, denok ordaintzen dugun dirua”.

Ruizek Iurretako lasterketan ikusle gutxi batzen zela salatu zuen. Ildo horretatik, Muñozek galdetzen dio ea herriak “ez ote zuen merezi, gutxienez, probako etapa bat eta ez atarikoa bakarrik”.

Azkenik EAJren gobernu taldeari "bere bizilagunen duintasuna" defendatzeko eskatu dio eta "merezi duen errespetua exijitu" dezala.


Agustin Ruizen erantzuna: "Esandako dena berresten dugu"

Agustin Ruizek ohar bat bidali du PSE-EEren kritikei erantzuteko. Honela dio:

“Ez bakarrik ez diegu Iurretako bizilagunei barkamenik eskatuko, baizik eta gutunean esandako dena berresten dugu. Urteetan isildu egin gara politikoki zuzena denari eusteko, baina amaitu da. Gauzei diren moduan deituko diegu, eta beste egun batean ere isildu barik.

Urte askoan, lasterketa Iurretako Maspe kalean hasi eta amaitu izan da, eta gutunean esaten nuen moduan, gure lagunak eta gutxi gehiago zeuden. Horixe zen Iurretako bizilagunen probarekiko interesa.

Azken aldi bietan, Iurretako alkatearen iradokizuna kontuan hartu dugu lasterketa herrigune barruan sartuz, jende gehiago batu zedin saiatzeko. Baina ezta horrela ere.

Patxik eta biok, garen modukoak izanda, Durangokoak eta ez Iurretakoak, ahal duguna eta gehiago egin dugu, dena behar zen moduan lotuta egon zedin. Arduraren arduraz, gau asko lorik egin barik igaro ditugu. Hesiak batetik bestera eraman ditugu, egunean 12 ordu baino gehiago eman ditugu lanean dohakabeen moduan, eta ez dugu onartuko inork barkamena eskatu behar dugula exijitzea, ez dutelako merezi”.

 

 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!