Larrakozelaia azpiegitura publikoa izanik, erabilera publikoa izan behar duela uste du Iurretako Udalak: "Herritar orok zein egoitza Iurretan duen edozein elkarte edo taldek du Larrakozelaia erabiltzea, bere eskubide eta betebehar guztiekin" , gogoratu du Iñaki Totorikaguena alkateak. Hori "bermatu" behar du udalak. Horretan oinarrituta herri azpiegiturak erabiltzeko eredu berri bat landu gura dute udal arduradunek, "elkarte edo talde bakoitzaren erabakitze esparruan sartu gabe".
Kofradiak udalari errentan eman zizkion lurrok 1996an. 100 urteko kontratua lotu zuten, eta harrezkero “milioi bat eurotik gora inbertitu ditu” udalak futbol zelaian, hobekuntza zein berritze lanetan, Iñaki Totorikaguena alkateak azaldu duenez. Larrakoizelaiaren erabilpen orokorra jasoko du araudiak. Gero, “talde bakoitzagaz hitzarmena lotuko da, herriko instalazioen erabilpen arrazoizkoa eta partekatua adostuz”, gaineratu du. “Egoitza herrian duten elkarte orok du erabiltzeko eskubidea”. Beraz, araudiak jasotako pausuak jarraituta, Gertasportek futbol zelaia erabiltzen jarraitu ahalko du eta Iurretako Kirol Taldeak ezingo dio hori eragotzi.
Totorikaguenak gogoratu duenez, "azpiegituran egindako hobekuntza lan guztiak udalak ordaindu eta gero ezin daitekeena da talde edo elkarte batek azpiegitura hori modu esklusiboan erabiltzea". Gaur egun bi futbol talde daude Iurretan. Zerotik hasi gura du udalak eta eskubide eta betebeharrak jasotzen dituen erabilpen araudia sortzea: "Herriko kirol azpiegiturak arautu nahi ditugu, besterik ez. Herritar guztiek izan dezaten erabiltzeko aukera, dagoekien berme guztiekin".