Iurreta erdigunera hurbilduko dute domekako Hiri Proba

Anboto 2016ko api. 5a, 12:46
Cristina Petite korrikalari ohia, Iñaki Totorikaguena alkatea eta Juan Ignacio Fernández Bidezabaleko presidentea.

Askondon hasi eta amaituko dira lasterketak eta pantaila handi baten bidez zuzenean jarraitu ahalko dira. Ibilbidea ere moldatu dute, herrigunera gehiago hurreratzeko. Sasoi batean sortzen zen giroa berreskuratu gura dute aldaketa horiekin.

Domekan 36. aldia egingo du Iurretako Hiri Probak. Aurtengo aldiari begira hainbat erabaki hartu dituzte sasoi baten herrigunean sortzen zen giroa berreskuratu eta ekitaldiari aupada berri bat emateko. Askondo eta bere inguruan zentratu gura dute proba ahalik eta gehien, herriko aisialdi gune naturala direlako. Horregatik, lasterketak farmazia parean hasi eta amaituko dira —eta ez Maspen— eta inguru hartan pantaila handi bat jarriko dute proba osoa zuzenean jarraitzeko. Podiuma eta sari banaketak ere gune horretan egingo dituzte: “Jatorrira bueltatu eta sasoi batean probaren harira herrigunean sortzen zen giro hori berreskuratzea da asmoa”, adierazi du Iñaki Totorikaguena alkateak gaurko aurkezpen ekitaldian.

Bidezabal da probaren antolatzailea eta ideia nagusi horri jarraituz zirkuitua birdiseinatu egin dute: “Ibilbide erdia baino gehiago herrigunetik izango da”, azpimarratu du Juan Ignacio Hernandez Bidezabaleko presidenteak. Horrela, korrikalariak Santa Apoloniatik bueltan datozenean, Masperako joan-etorria egingo dute eta gasolindegi ondotik Bidebarrieta kalera sartuko dira. Batzoki parera heltzean, tunel azpitik pasatu eta Aita San Migel plaza erditik igaroko dute, ondoren etxebizitza berrien atzetik Askondora bueltatzeko. Ibilbide berriak "giro gertukoagoa" sortzeko dituen aukerak azpimarratu ditu Cristina Petite korrikalari ohiak.

Elite mailako proban parte hartzen dutenek itzuli bi emango dizkiote zirkuituari 10 kilometroko bidea osatu arte. 5 kilometroko proba laburragoa ere badago aukeran adin tarte denentzako. Bata zein bestea 12:10ean hasiko dira. Proba horietan gura duten herritar denek parte hartu dezakete. Lasterketa irekia da. Bidezabalen webgunean izen-ematea aurretik egiteko gomendatu dute antolatzaileek.

Proba nagusiaren aurretik, 11:00etan hasita, gaztetxoen mailakoak egingo dituzte  Maspen eta Askondon osatukotako zirkuituan. 11:00etan kadeteak hasiko dira; 11:20an benjaminak; 11:40an kimuak eta haur-kategoriakoak eta, 11:55ean, 2010az geroztik jaiotakoak. Tartean, 11:25ean, lasterketa paralinpikoa egingo dute. Proba hauetarako izen-ematea egunean bertan egin daiteke lasterketak hasi baino orduerdi erdi lehenagora arte.

Iaz 250 lagunek parte hartu zuten lasterketa denak kontuan hartuta. Antolatzaileen esanetan aurten Iurretako Hiri Proba zuzenean eskainiko dute streaming bidez Bidezabaleko webgunean.

Goi mailako korrikalariak

Iurretako Hiri Proba gaur egun estatu mailan dagoen garrantzitsuenetakoa da eta horregatik goi mailako parte hartzaileak datoz. Emakumeetan, esaterako, honako izen hauek nabarmendu daitezke:  maratoien Espainiako txapelduna den Paula Gonzalez, azken hamarkadan atletismoko erreferente handienetakoa izan den Jacqueline Martin beteranoa, iazko irabazle Koutar Boulaid Bidezabal klubeko atleta, gaur egungo promesarik handienetakoa den Dounia Mahassin, Laredoko proba prestigiotsua bigarren amaitu duen Elena Arroyo eta Euskadiko kros txapelketak hainbat bider irabazi dituen Iraia Garcia zornotzarra.

Gizonetan ere izen handiak datoz: 5.000 metrotan Europako txapelduna (2006an) izana den Jesus España, Iurretako proba hainbat bider irabazi duen Ivan Fernandez, iazko munduko atletismo txapelketan aurreneko espainiarra izan zen Daniel Mateo eta Iurretako proban hainbat bide bigarren sailkatu ostean, arantza hori ateratzeko gogoz etorriko den El Hassan Oubaddi.

 

ORDUTEGIAK-APIRILAK 10

11:00; Kadeteak eta gazteak. 2.025 metro

11:20; Pre-benjaminak eta benjaminak. 675 metro

11:25; Lasterketa paralinpikoa. 675 metro.

11:40; Kimuak eta Haur-kategoria. 1.350 metro

11:55; Txupeteak. 2010az geroztik jaiotakoak. 250 metro.

12:10; Elite proba. Junior, absolutu eta beteranoak. 10 eta 5 kilometroko bana.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!