Sei antzerki obra eskainiko dituzte, datozen hiru hileetan, Ibarretxen

Anboto 2016ko api. 5a, 17:00

Iaz abiaturiko bidetik darraite Iurretako Udalak, Kultur Etxeak eta Anderebide Elkarteak, "udako kale antzerki jaialdiaren aurreko hiru hilabeteetan, areto barrurako obren programazioa eskainiz". Apirilean, maiatzean eta ekainean, bina antzerki emanaldi izango dira Ibarretxe kultur etxean, umeentzako bata eta helduentzako bestea.

Ibarretxe kultur etxe barruan izango diren sei antzerki emanaldik osatzen dute Kultur Etxeko arduradunek Anderebide Elkartekoekin batera pentsatu duten egitaraua. Azaldu dutenez, iaz antolatu zuten areto barrurako udaberriko antzerki ziklo hau lehenengoz, eta "herritarrek emandako erantzun onak" bultzatuta antolatu dute bigarrena. Umorea dute egitarauko sei obrek ardatz, eta doako sarrera izango dute emanaldi guztiek.

Apirilaren 8an, 19:00etan, izango da lehenengo hitzordua: La boda de Betty Blue antzezlana eskainiko du Glu Glu taldeak. Talde horrena izango da apirileko umeentzako emanaldia ere: Arratoitxo pinpirina antzeztuko dute, apirilaren 22an, 17:00etan.

Maiatzaren 6an eta 13an, bestalde, Alazne Etxebarria eta Sol Magunaren bakarrizketak eta Ganbaran umeentzako antzezlana izango da dira Iurretako Ibarretxe kultur etxean gozagai. Ekainean, berriz, Jose Cruz Gurrutxagak Umorea obra eskainiko du, eta Txanogorritxo Glu Gluk.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!