Leire Muniain iurretarrak laugarren amaitu du Kataluniako Ut Les Fonts proba

Anboto 2016ko mar. 14a, 15:38
Leire Muniain —ezkerretik hirugarrena— Durangaldetik parte hartu duten beste bost korrikalarigaz batera.

Probatzera joan eta ustekabeko errendimendua eskaini du korrikalari iurretarrak.

120 kilometro hiru egunetan banatuta. Guztira 6.000 metroko desnibel positiboa. Kataluniako Ut Les Fonts proba gogorra bezain erakargarria da euren burua proban jarri gura dutenentzat. Leire Muniain (1973, Iurreta) izan da aurten korrikalari ausart horietako bat. Lagun batek probaren antolaketa serioa eta giro atsegina goraipatuta, parte hartzea erabaki zuen. “Gozatzea” beste helbururik gabe joan zela dio eta hasieran ez zuen hiru egunetan lehiatzeko asmorik ere. Baina animatu zen, denetan parte hartu zuen eta “ustekabean” laugarren amaitu du emakumeen maila absolutuan.

Lehen eguneko 23 kilometroak gauez egin zituzten. “Gustura aurkitu nintzen”, gogoratu du. Indarrak neurtuz aritu zen, hurrengo egun bietarako erretserbak gordetzen. Hirugarren amaitu zuen. Bigarren etapak 70 kilometro eta 4.000 metroko desnibela zituen: “Luze egin zitzaidan. Zein kilometrotan gindoazen begiratu eta ‘ene, oraindik falta dena’ pentsatzen nuen. Jaitsierak teknikoak ziren, harri asko zeuden eta ni ez nago horrelakoetara ohituta. Indarrak erregulatzen joanagatik oso nekatuta amaitu nuen”. Zazpigarren tokian helmugaratu zen. Azken etapan “enekien zelan erantzungo nuen, ez nagoelako horrelako probetara ohituta”. Baina korrika hasi zenean “banenbilela ikusi nuen eta gora etorri nintzen. Hornidura puntuan hirugarren nindoala esan zidaten eta ezin nuen sinestu. Bata bestearen atzetik sorpresa bat hartzea lakoa zen. Horrelakoetan nekea ere gutxiago nabaritzen da. Oso pozik nago”. Azkenean laugarren amaitu du maila absolutuan eta hirugarren beteranoen bere mailan.

Txikitatik korrika

Muniain korrikalaria izan da bere bizitzako zatirik handienean. Txikitan Bidezabal Atletismo Taldean aritu zen: krosean, eta, 3.000 zein 5.000 metroetan lehiatzen zuen gehienbat. Ondoren Mugarra Triatloi taldeagaz duatloiak egiten hasi zen. Orain duatloiak utzita ditu eta korrika aritzen da gorputzak eskatzen dion aldiro.


Leire Muniain eskumatin bigarrena.

 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!