Gurutze Fradesek hirugarren bider irabazi du duatloi laburren Euskadiko txapelketa

Anboto 2016ko mar. 14a, 14:19
Gurtze Frades podiumaren gorenean, gizonetan irabazi zuen Jon Unanuegaz batera.

Oñatiko duatloia irabazi eta Mugarra Triatloi Taldeko Gurutze Frades iurretarrak beste txapel bat gehitu dio bere palmares oparoari.

Oñatiko probak distantzia laburreko duatloien Euskadiko txapeldunak erabaki zituen zapatuan eta emakumeetan Gurutze Frades izan zen onena. Iurretarrak 2.02.55eko denbora erabili zuen ibilbidea osatzeko (9 km korrika, 36 bizikletan eta 4.5 korrika). Korrikako tarte bietan denborarik onenak bereak izan ziren (33.25 eta 17.12, hurrenez hurren) eta bizikletan Estefania Gomezek —bigarren sailkatua— bakarrik lortu zuen bera baino azkarragoa izatea. Ohi moduan, korrika “eroso” sentitu zela dio Fradesek. Bizikletan ere indartsu dabil, baina Gomez are maila hobean aritu zen eta aldapa batean Frades harrapatu eta atzean utzi zuen: “Une batez bazihoala uste nuen. Banekien korrika gehiago nintzela eta sufrituz berriro harrapatzea lortu nuen eta biok batera joan ginen”. Hor egon zen garaipenaren gakoetako bat: “Alde gehiago hartu izan balit, ez dut uste gero harrapatuko nuenik”. Baina behar denean badaki hortzak estutzen. Ondoren, aurreikusi moduan, korrika gehiago izan zen eta bakarrik helmugaratu zen.

Duatloi laburretan Euskadiko txapelketa irabazten duen hirugarren aldia da: 2012an eta 2013an ere nagusitu zen. Bi txapel horiek Durangon irabazi zituen. Hain zuzen, datorren zapatuan, Durangoko 9. duatloia lehiatuko dute. Euskal Herriko zirkuituko seigarren proba izango da. 

Oñatiko probara itzulita, Abadiñoko Laubideta Triatloi taldeko Xabier Rementeriak gizonen 23 urtez azpiko hirugarren postua lortu zuen: 1.50.50. Sailkapen orokorrean 21. tokian amaitu zuen. Gorka Bizkarra mañariarra (Triatlon Santander) 13. postuan sailkatu zen maila absolutuan.

Iron Manen munduko txapelketa helburu

Gurutze Fradesen aurtengo helburuetako bat Hawain lehiatuko den Iron Manen munduko txapelketan parte hartzea da eta horretarako behar dituen puntuak batzen saiatuko da maiatzeko proba banatan: Mallorkako Iron Man erdian eta Brasilgo Iron Manean.

Gurutze Frades Oñatiko proban korrika (Argazkia: Joseba Alberdi)

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!