Anderebideren asmoa “inoiz ez da izan gatazka hau sortzea, baizik eta elkar-eraikitzekoa, aportazioa egitearena”. Eurek ez zutela gaia komunikabideetara eraman diote, baina “guda mediatiko baten nahasiak” izan direla: “Eta salatu nahi dugu, elkarteko batzordeko emakumeek, azken bi asteetan, sare sozialetako mezu izugarri bidez eta baita etxeko telefonorako deien bidez, irainak eta erasoak jasan behar izan dituztela, gizonen aldetik, gehienbat”. Alde horretatik, euren bazkideek eta Durangoko Bilgune Feministak eta Andereak-ek emandako “babesa eskertu” dute, “Emakundek emandako laguntza bezala “.
Bere sasoian irudia aldatu zezaten eskatzeko izandako arrazoiak aipatu dituzte. Oro har publizitatean zein komunikazioan “estereotipo sexistak transmititzen dira”. Kirol eremuan “emakumeen irudi sexualizatu bat erakusten dute bereizgarri”. 2016ko Emakumeen Birarako aukeratutako argazki hark “emakumearen alde gozo, maitakorra erakusten du, eta ez du kirolarekin lotzen diren baloreekin zerikusirik: esfortzua, iraunkortasuna, gainditze eta hobekuntza…”. Anderebideren ustez, “horrelako kartel bat ez litzateke inoiz gizonezkoen proba baterako egingo, inoiz ez litzake inoren burutik pasako kirol munduan gizonezko bat jarrera ‘jostagarri’ edo ‘irtirin’-ean erakustea, honen ile edo ezpainak azpimarratuz”.
Emakumeen Bira “herrian asko maite dugun proba bat da” eta bere sasoian “iritzi konstruktibo” bat ematen saiatu zirela azaldu dute “Birako antolakuntzarekin izandako elkarrizketa labur hartan”. Honen arrazoietako bat “kartelak gerora izan zitzakeen arazoak ekiditea zen, aurretiko interbentzio hurbileko bat eginez”.
Azkenik, “berdintasunaren alde eta Iurretako ongizatearen alde” lanean jarraituko dutela diote.