Jon Gurutz Vazquezek 12 urte eman ditu Iurretako klubean eta hainbat mailetako entrenatzailea izan da. Mikel Arangurenek, aldiz, 18 urte zeramatzan jokalari lez eta taldeko kapitaina zen. Iurretakok bata zein bestea kargutik kendu ditu. Bien artean sortua duten Gertasport elkartean egindako kudeaketa da horretarako arrazoia. Gertasportek futbol eskola, futbol kanpusa eta Larrakozelaiako taberna kudeatzen ditu gaur egun Iurretakok utzita. Klubeko arduradunen ustez, “zeharka eta modu zuhur eta injustu” batean eurentzako “etekina ateratzeko” baliatu dute elkartea “Iurretakoko interesen kontrakoak” diren erabakiak hartuz. “Muga gabeko abarizia” leporatzen diete. Horiek dira arrazoiak eta ez bestelakoak: “Argi utzi gura dugu ez dutela euro bakar bat hartu klubeko diru-kutxatik”, adierazi dute Iurretakoko webgune ofizialean argitaratutako ohar batean. Argibide zehatz horrekin Gertasport-eko kide batek hedabide batzuetan esandakoei erantzun gura dietela adierazi dute.
Gertasport elkarte bat da eta ez enpresa bat. Beraz, Iurretako elkarte bat diren heinean, herriko azpiegitura publikoa erabiltzeko eskubidea dute: Larrakozelaia futbol zelaia, kasu honetan. Eskubide hori eta klubaren barruan zuten “statusa” euren “interesarako” erabili dituztela diote klubeko arduradunek. Esaterako, futbol eskolaren kudeaketan: “Klubaren barruan egonda, Gertasportek hurrengo denboraldirako egun gehiago eta ordutegi zabalagoa eskatu zizkion udalari, horrela, Iurretako K.T-ko taldeak ordutegi murritzagora baztertuz”. Gainera, eskolan parte hartzen dutenak “engainatu” egiten dituzte “Iurretakori lotutako futbol eskola dela esanez eta parte hartzaileek klubean jarraitzea segurtatuta” dutela adieraziz. Hau da: “Kirol elkarte bati etekina ateratzen ari dira Iurretako izenaren kontura”.
Horregatik, Iurretakok jarduera horretako —futbol eskolako— diru sarreren zati proportzional bat jaso beharko lukeela diote. Baina ezin dute. Eta hori horrela izan dadin “plan perfektu bat” asmatu izana leporatzen diote. Klubak ez zekien oraintsura arte elkarte bat zirenik. Ustez enpresa bati utzi zizkien ardurak. Baina herriko elkarte bat direnez, ez dute kontraturik behar klubagaz, ez daude Iurretakoren menpe, eta, ondorioz, ezin dituzte futbol zelaitik egotzi: “Negozio perfektua da. Bere sasoian klubean muturra sartu zuten kudeaketa batzuk uzten zitzaizkiela aprobetxatuz eta orain taldeak eta taldeak ateratzen jarraitzen dute klubeko interesen kontra. Diru gehiago euren poltsikoetarako eta espazio gutxiago Iurretakorentzat”.
Esandako guztiari azken salaketa bat gaineratzen diote: “Gertasport diru-laguntzarik eskatzen ez duen Iurretako kirol elkarte bakarra da. Diru-laguntza eskatzeak euren kontuak zuritzera behartuko lituzke, eta garbi dago, irabazi asmorik gabeko elkarte baten bidez etekina ateratzen ari direla ikusiko litzateke”.