Zein da orokorrean emakumearen papera komikietan?
Hasteko, subjektu eta objektu moduan bereiztuko nuke emakumea komikigintzan. Emakumea objektu bat izan denean, erabat sexista eta misoginiatik oso hurbil ibili da beti. Beste kontu bat da emakumea denean egilea. Hau da, emakumeak berak sortzen dituenean istorioak. Dena dela, emakumea, komikigintzaren historian, objektua izan da batez ere.
Badago emakumeei zuzendutako komikigintzarik?
Marjorie Hendersonen Lulu Txikia, esate baterako, salbuespena izan daiteke. Emakume baten lana da. Lan hau garaiko neskato protagonistekin alderatzen baduzu, Luluren ñabardura feminista begibistakoa da. Solte, beti egon dira egile batzuk, baina taldeka, emakumeak neskentzako komikigintzan sartzen dira. Hor sortzen da, gainera, oraindik ere mantentzen den aurreiritzia.
Emakumeei zuzendutako komikigintza horrek zein ezaugarri ditu?
Irudi idealizatu bat lantzen da. Etxeko erregina eta aingeru moduan agertzen da emakumea. Beti pasibo. Irribarre batekin, menpekotasuna onartzen. Hor kontatzen diren istorioak sentimentalak dira beti, eleberri sentimentalen arrakastaren ildotik. Arazoa da, emakumeentzako txokoa bilakatzen direla. Beraz, emakume batek komikigintzan sartu gura badu, beti eramango dute txoko horretara, merkatuak baduelako emakumeentzako esparru bat. Hortik sortzen da gaur egungo emakume egile askok material horrekiko duten aurrejuzkua ere.
Komikigintza horrek zein ezaugarri ditu?
Esan daiteke, batetik, mezu esplizituak daudela. Hauek frankismoaren sasoian proposatzen zen iruditegia dute. Hau da, sentimentala, etxera bueltatzearena, estatutik inposatzen zen emakume irudia. Bestetik, kritika literario feministan aritzen garenok bilakatu ditugu azpimezuak edo inplizitoki dauden mezu batzuk. Adibidez, 50eko hamarkadan arrakasta handia izan zuen Floritak. Proposatzen duen abentura sentimentala izango da, baina, horretan, ez pentsa hain atzerakoia denik. Gaur egun ere, horixe da emakume gazteei inposatzen zaien mezua. Emakume baten anbizio eta helburu nagusia sentimentala dela transmititzen da. Hori ez da aldatu. Gizonezkoei helburu laborala edo kirolarekin hartu-emana duena helarazten diete, esparru publikoarekin zerikusia duena. Emakume gazte bati, ostera, esaten zaio helburu laborala izatea ondo dagoela maitasuna eta familia ez dauden bitartean. Baina, benetako helburua heltzen denean, dena bigarren mailara pasatu behar dela. Eta hori etenik barik ari da transmititzen.
Zentzu honetan, badago salbuespenik?
Floritan, esate baterako, proposatzen diren istorioak nahiko sentimentalak dira, baina badaude beste material mota batzuk. Vidas Célebres-en, esate baterako, ez dakit zein mendetako erizain bat agertzen da, edo AEBeko lehenengo emakume medikua. Eredu bat dago, baina badaude eredu alternatiboak, beste era batean proposatuta, jakina.
Emakumeenganako biolentzia zelan islatzen da komikietan?
Komikigintzan emakumeenganako biolentzia mota guztiak islatzen dira. Izan ere, komikiak izan daitezke, ikuspuntu pedagogikotik aztertuta, emakumeenganako biolentzia mota guztiak ondoen erakusten eta irakasten dituen arloa. Komikigintzan dena aurkituko duzu. Ahozko indarkeria eta indarkeria fisikoa. Zailagoak diren indarkeriak agerian gelditzen dira. Ahozko indarkeria, eta, batez ere, indarkeria sinbolikoa. Ideiak, irudiak, iruditegiak... komikigintzan ikusi egiten dira. Segundo batean trasmititzen dira, gainera.
Iurretako berbaldian zein komiki landuko duzue? Azalpen praktikoak izango dira?
Maisu misogino horien lanak aztertuko ditugu, eta baita emakumeok sortutako komiki misoginoak ere. Hau da, Robert Crowdek animalizatu egiten ditu emakumeak, gizatasuna kentzen die. Edo, Milomanarak pornografiatu eta umiliatu egiten ditu. Badaude material erakargarriagoak eta erabat arriskutsuak direnak. Maria Lloveten materialaz ari naiz. Heart Beat deitzen da. Autoreak sortutako irudi eder horien aurrean, azpimarratu nahi dugu emakumeenganako indarkeria fisikoa era estetiko erakargarrian ager daitekeela. Edo morbosoak, edo pizgarriak. Nahi duguna da tresnak eskaintzea, ideia hori desegiteko. Indarkeria gordinak era estetiko ederrean agertzen dira. Pentsatzen gabiltza epaitegietan hori zelan salatu. Komiki horretan agertzen den emakumeenganako biolentzia hain da bortitza! Argitaletxeak ere esnarazi nahi ditugu. Beraiek ere badute ardura bat. Arazo larria dugu, eta ezin dugu horretan sakontzen duen materialik argitaratu. Kontrola egin gura izan denean egin da. Eztabaida hau piztea beharrezkoa da. Ni ez nago binetak gordetzearen alde, bizitzak gordetzearen alde baino. Irudi bat ala bizitza bat da zaindu behar dena?