Jolasjazz kontzertu didaktikoagaz hasiko da barikuan Iurretako Musikaldia

Anboto 2015eko azaroaren 5a

Hasier Oleaga bateria jotzailea izango da barikuko kontzertu didaktikoko partaideetako bat.

San Migel elizan izango dira emanaldi bereziak. Saio bi egingo dituzte: 11:00etan lehenengoa, eta 15:00etan bigarrena. Jazz generoa ezagutarazteko propio sortutako emanaldiak izango dira, eta musikari ezagunek parte hartuko dute, Miguel Salvadorren gidaritzapean. Iurretako 500 ikasle inguru joango dira eskoletatik, baina ekitaldi irekia da. Jazzjolas kontzertuaz gain, Gehi Zazpi, 4KOTE eta Kherau taldeek bisitatuko dute Iurreta, Musikaldiaren baitan.

Miguel Salvador jazz musikari eta irakasleak prestatu du kontzertu didaktikorako taldea: Ana Begerano (Mocedades) izango da emanaldiko narratzailea eta abeslaria. Berekin batera izango dira Javier Alzola saxoa (besteak beste Fito & Fitipaldis taldekoa) Jon Piris kontrabaxua eta Hasier Oleaga bateria eta perkusioen arduradun. Jazza ezagutzeaz gain, musika tresna bakoitzaren baliabideak bertatik bertara ikusteko kontzertua eskainiko dute.

Datozen asteetarako, beste bi hitzordu ere badakartza Iurretako musika jaialdiak.

Datorren barikuan, azaroaren 13an, Gehi Zazpi eta 4KOTE talde emanaldia izango da, 19:00etan, Ibarretxe kultur etxean. Bolero ezagunen bertsioak eskainiko dituzte Durangoko Bartolome Ertzilla musika eskolan sortutako taldekoek. Hamabi abestiko errepertorioa dute prest, bestek beste, Bésame mucho, Contigo aprendí, edo Quizás, quizás, quizás kantak eskainiko dituzte, esaterako.

Amaitzeko, Kherau
Bizkaiko hainbat herritako musikariak elkartzetik sorturiko Kherau taldea izango da Iurretako 2015. urteko Musikaldia itxiko duena. Azaroaren 21ean eskainiko dute kontzertua, Ibarretxen. Euskal tradizioko doinu eta berbak sorkuntza berrien oinarri hartzen ditu boskoteak, eta instrumentu zerrenda luzea baliatzen dute: kutxa, djembea, perkusioak, baxua, txirula, alboka, gitarra, bouzuki irlandarra, mandolina eta trikitixa, kasurako.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!