Mikel Urrutikoetxea gaur egungo buruz buruko txapelduna da. Azken hiru-lau urteetan Iurretan entrenatu du Berasaluzeren eta Josetxo Areitioren aginduetara eta bere gorakadan zerikusi zuzena izan dutela azaldu du partiduaren aurkezpen ekitaldian: "Eragin handia izan dute. Azken lau urteetan eurekin entrenatzen dihardut eta egia esanda gorakada eman dut, konfiantza aldetik ere hobeto nago eta gozatzen ari naiz". Maisuak ala ikasleak irabaziko ote du barikuan?
Ibai Zabalak pilotan gustura dabilela adierazi du. Hankako eta eskuetako lesioen ondorioz bost hilez geldi egon ostean, ekain amaieran kantxetara itzuli zen eta udan partidu asko jokatu ditu. Irailean Lekeitioko San Antolin Torneoa irabazi zuen Aimar Olaizolagaz batera. Andoni Aretxabaletak, aldiz, pattalaldi bat igaro du, baina behetik gora datorren pilotaria da. Pablo Berasaluzek ezin izan du gaurko prentsaurrekora etorri, ordu berean pilota aukeraketa bat zuelako.
Partidu horren aurretik afizionatuetako beste bi jokatuko dituzte. Batetik Iurretak Orozkoren kontra jokatuko du Bizkaiko txapelketari dagokion jardunaldian. Senior mailako partidu horren ostean kadete mailako beste bat jokatuko dute, hori ere Bizkaiko txapelketari dagokiona.
Iurretaren desanexioa gogoratuko dute
Barikuko partiduak esangura berezia izango du eta aurten Iurreta Durangotik desanexionatu zela 25 urte joan direla gogoratuko dute. Irabazleek 'Iurreta-25 urte Trofeoa' izenburua josita duen txapela jantziko dute. Urtean zehar hainbat ekitaldi antolatu dituzte urteurrenaren harira eta "argi geneukan kirol arloan ere zerbait berezia egin behar genuela", azaldu du Iñaki Totorikaguena alkateak. Iurretan pilotarekiko dagoen zaletasunak eta Olaburu pilota elkartearen urteetako lanak eraman ditu pilota trofeo hau antolatzera.
Trofeo honetarako sarreren prezioa 15 euro izango da jarritako eserlekuetan eta 10 euro zutik ikusteko guneetan. Sarrerak egunean bertan zein aurretik erosi daitezke: 11:00etatik 13:00etara eta 17:00etatik 19:00etara Olaburu pilotalekuan.