XLII. Kofradi Eguna ospatuko dute domekan Iurretako sei kofradiek

Anboto 2015eko irailaren 11

Kofradien Batzar Orokorra ez eze, umeentzako jolasak eta bazkari ere izaten dira Laixiar zelaian.

Urteko kontuak argitzeko tartea hartzen dute irailean Iurretako sei kofradiek (San Marko, Fauste, Goiuri, Santa Maña, Orozketa eta Iurreta). Laixiar zelaian batzen dira horretarako, eta jai giroan elkartzeko ere aprobetxatzen dute. Eguraldiaren menpe izango dira aurtengo honetan. Hartara, euria eginez gero, Olaburu frontoian batuko dira. Horrela azaldu du Bixente Narbaiza Iurretako kofradien lehendakariak.


Mezagaz hasiko dute egitaraua, 12:00etan. Ondoren, Kofradien Batzar Nagusia hasiko dute. Urteko irabazi eta gastuen berri emango dute bertan. Narbaizak gogoratu du iaz neguan izandako denboraleen eraginez jausitako pista-zatia konpondu egin dutela; baita Laixiarrerako bidea ere. Aurten, gainera, lau urterik behin izaten diren kofradien hauteskundeen gainean ere jardun beharko dute.

Kofradien hauteskundeak
Iurretako sei kofradietako batzarrak lotu beharko dituzte azaroaren amaierarako. Kofradia   bakoitzeko ordezkari bik osatzen dute Iurretako Kofradien Batzordea, eta haurteskundeak egingo dituzte hori erabakitzeko: “Batzuek kargua utziko dute, eta ordezkari berriak aukeratu beharko ditugu”.

Dantzariek eta bertsolariek jardungo dute batzar orokorra amaitzean, eta, ondoren, bazkaltzeko elkartuko dira kofradietatik joango diren iurretarrak. Arratsalderako, berriz, umeentzako jolasak eta erromeria antolatu dituzte.

Eguraldiak eragina izan arren, ehunka lagun batu ohi dira kofradien jai honetan. “Laixiar zelaian izaten denean, jente gehiago  hurreratzen da. Hala ere, 200 lagunetik gora batuko gara aurten ere”, gogoratu du Iurretako kofradietako lehendakariak.

Erlazionatuak

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!