Herritar guztien aisialdi eta kultur nahiak asetzea helburu, egitaraua prest, Iurretan

Anboto 2015ko ira. 10a, 12:36
Iñaki Totorikaguena, Zorione Fundazuri, Ziortza Onaindia eta Pili Jimenez, ikasturteko egitarauaren aurkezpenean.

Iurretako Udalaren babesagaz Ibarretxe kultur etxeak eta Herri Bibliotekak ikasturte berrian eskainiko duen egitarau mardula aurkeztu dute, kultur etxean, gaur. Izan ere, irailaren 15ean hasiko baita ikastaroetan eta askotariko ekimenetan parte hartzeko izen-ematea.

Herri Bibliotekan, adin eta egoera guztietako herritarren irakurzaletasuna bultzatu eta kultur eta aisialdi nahiak asetzeko pentsaturiko egitarau zabala prestatu dute, ikasturte honetarako ere. “Erronka nagusietako bat Biblioteka inklusibogoa lortzea da, jaioberrietatik hasi eta ehun urte arteko herritar guztientzako irakurketa klubak eskaintzea, esaterako”. Helburu horregaz, duela hainbat urtetik martxan dauden Azalerako Ipuinak, Bularretik Mintzora, Haur Literatura Kluba, eta Emakumeen Literatura Klubek martxan jarraituko dute, eta beste irakurzale talde berri bi ere osatuko dituzte.

Nobedade nagusiak
Helduentzako Ingeles eta Frantsez Literatura klubak dira Iurretako Bibliotekaren 2015-2016 ikasturterako berritasunetako bat. Onaindia arduradunaren berbetan, “hizkuntza horietan idatziriko literatura garaikidea izango dute irakurketa klub horietan ardatza, eta hilero elkartuko dira Bibliotekan”.

Gainera, duela hiru urte martxan ipini zituzten 16 urtetik gorakoentzako ingeles, aleman eta frantses mintzapraktika taldeak ere izango dira ikasturte honetan, Iurretako Bibliotekan. Mailaren arabera osaturiko taldeetan elkartuko dira astero.

Biblioteka inklusiboago baterako bidean tematuta, iaz irakurketa errazaren alde egin zuten apustuarekin jarraituko dutela iragarri dute: aurten, dislexia arazoak dituzten haurrak eta adinekoak izango dira programa horren zentrua. Ziortza Onaindiak aurreratu duenez, bestalde, 50 urtetik gorakoen irakurzaletasuna bultzatzea eta etorkizunean eurentzako irakurketa klub bat sortzea da Bibliotekaren erroketako bat.

Doakoak dira Bibliotekan eskaintzen dituen ekintza guztiak. Iñaki Totorikaguena alkateak nabarmendu duenez, “hau guztia ezinezkoa litzateke udalaren apustua garbia ez balitz”. EAEko Kulturaren Behatokiak emandako datu bat azpimarratu du Iurretako alkateak: 5.000 biztanletik beherako beste herrietakoa baino bi puntu altuagoa da Iurretaren gastu kulturala. Bataz beste udal aurrekontuen %8,9 bideratzen da Iurretaren tamainako herrietan kulturara, eta %10,6 gurean”.

Ikastaroak: 22 diziplina
Ibarretxe kultur etxean ikasturte honetan eskainiko dituzten ikastaroen berri eman du, bestelde, Pili Jimenez arduradunak: “22 diziplina desberdinetako tailerrak izango dira aukeran”. Jimenezek azaldu zuen, denera 300 plaza eskaini zituztela iaz, eta bete egin zirela. Aurten ere horrela izatea espero dute.

Prentsaurrekoan eman zuten datuaren arabera, eskaintzen dituzten ikastaroetan parte hartzen dutenen %94 iurretarra da. Herritarrek ezin harrera hobea egiten diote eskaintzari.

Aurreko urteetan harrera ona eduki duten ikastaroez aparte, pilates eta umeentzako jolasak inglesez eskainiko dituzte, besteak beste, aurten.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!