Kalera aterako dute, bihar, Iurretako Herri Biblioteka

Anboto 2015eko uztailaren 8a

Umeak zein helduak Herri Bibliotekaren eskaintzara erakarri zituzten, iaz, ekimen honegaz.

Iurretako Herri Bibliotekan, ikasturtean antolatzen dituzten askotariko ekintzak amaitu ostean, kalean egingo dituzte hainbat proposamen, bihar, uztailaren 9an. Kalera aterako dute Herri Biblioteka, herritarrei liburutegiko zerbitzuen eta eskaintzen berri emateko helburuagaz. Iurretako erdigunean eguenero egiten duten azokagaz bat egin, eta erakusmahaia ipiniko dute, Dantzari plazan.


Irakurketa gune bat prestatuko dute kalean, eta Herri Bibliotekaren bildumaren lagin bat ipiniko dute kontsultatzeko: liburuak, aldizkariak, musika, liburu irakurgailuak eta tabletak, esaterako.

Kafea eta pastak ere eskainiko dizkiete bertaratzen direnei, eta ipuin kontaketa saioa egingo dute, 11:00etan, ingelesez. Durangoko Kids & Us hizkuntza eskolaren eskutik eskainiko dute kontaketa saio hori, Dantzari plazan. Phantom Manor izenburuko saioa, 3 eta 8 urte arteko umeei zuzendurikoa, izango da entzungai.

Ikasturtean ere hainbat aldiz egiten dute liburutegiko ekintzak kalera ateratzeko apustua, Iurretan, umeentzat zein helduentzat Herri Biblioteka barruko ekintzak osatzeko. Adibidez, azken urte bietan, Liburuaren Nazioarteko Egunean, apirilean, kalera irten izan dira.

Udako ordutegia
Ekain amaieratik, ordutegi bereziagaz dabiltza Iurretako Herri Bibliotekan, eta, irailaren 4ra arte, goizez baino ez da egongo zabalik liburutegia; 08:30etik 13:30era, hain zuzen. Sasoi honetan oporrak hartzen dituztenentzat, bestalde, maileguak uda guztirako egiteko aukera ere eskaintzen dute Iurretan.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!