Niewiadoma poloniarrak irabazi du Emakumeen Bira

Anboto 2015ko eka. 15a, 09:37

Johanssonek irabazi zuen atzoko azken etapa. Niewiadomak segundo bakarraren aldeagaz irabazi du aurtengo Bira.

Aurtengo Emakumeen Biran azken metroraino emozioa izan da nagusi. Horren erakusgarri da atzo Markina-Xemeinen lehiatu zen azken etapa. Katarzyna Niewiadoma eta Ashleigh Moolman-en artean segundo bakarraren aldea zegoen, Johansson hiru segundora zelatan zutela. Testuinguru horretan, etaparen bigarren zatian eraso asko izan ziren, baina Rabo Liv taldeak lan eraginkorra egin zuen denak bertan behera uzteko.

Azken mendatean Niewiadoma bera izan zen erasoa jo zuena eta laster faboritoen taldetxoa eratu zen aurrean. Ana Van der Breggen liderraren taldekidea ere bertan zihoan eta Niewiadoma babestuz lan ona egin zuen. Jaitsiera bihurgune itxiz betea zen, baina Niewiadoma Moolmanen gurpilera itsatsi zen eta denak batera heldu ziren azken metroetara.  Esprintean Johansson izan zen azkarrena, eta, Guarnier eta Moolman helmugaratu ziren ondoren.

Beraz, 20 urterekin Emakumeen Bira irabazi eta txirrindularitzan etorkizun oparoa duela erakutsi du Katarzyna Niewiadoma poloniarrak. Mendiko sailkapena ere beretzat izan da. Lehenengo euskalduna Eider Merino izan da, bigarrena Ainara Elbusto eta hirugarrena Bizkaia-Durango taldeko Lourdes Oyarbide.

 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!