Iurretako nesken futbol taldea: "Zuzendaritzatik jaso dugun tratuagaz nekatuta geunden"

Anboto 2015ko eka. 5a, 09:24
Nora Ordoñez, Iera Gerrikabeitia eta Nerea Gomez

Emakumeen Iurretako futbol taldea desagertu egin da, 25 urteko ibilbidearen ostean. Han ibilitako jokalari asko seniorren Ezkurdi taldean ibiliko dira datorren urtean. Ate bat itxi, eta beste bat irekiko dute. Iurretakon bizitako urteei, zuzendaritzagaz izandako eztabaidei eta etorkizunera begirako asmoei buruz egin dugu berba hiru jokalariekin.


Zeintzuk izan dira Iurretako bertan behera geratzeko arrazoiak?
Nerea Gomez: Arazoa ez da aurtengo denboraldira mugatzen, urtetako kontua da. Hasieran zuzendaritzako batzuk jokalarien gurasoak ziren, eta ez zegoen hainbesteko arazorik. Gizonen taldea beti egon da emakumeenaren gainetik, baina horren ostean emakumeena zen pisu handiena zuen taldea. Zuzendaritzako kide horiek joan zirenetik egoera okertu egin da.
Nora Ordoñez: Azken denboraldietan zuzendaritzak ez du bere partetik asko ipini taldea osatzeko. Lagundu beharrean, baldintza asko ipini ditu. Uste dut aurten ere atera ahal izango genuela taldea, baina urte askoan jaso dugun tratuagaz nekatuta geunden. Aurten jokalari faltan egon gara, bai, baina ez da egoera berria. Emakumeen futbolean sarritan kostatzen da taldea osatzea. Baina orain arte beti bermatu izan dugu. Urte askoan emakumeen taldeak aurrera egin badu entrenatzaileren baten eta jokalarien ekimenagatik izan da. Esaterako, errifak atera eta kamisetak saldu izan ditugu.
N.G.: Orain arte horrela egon bagara, Ezkurdik egin digun moduko eskaintzarik ez dugulako eduki izan da.
N.O.: Gauza bat argi utzi gura dugu. Zuzendaritzatik inplikazio falta leporatu izan digute: entrenamenduetara ez ginela denok batzen, partidu batzuetara hamar jokalarigaz joan garela... Gizonen taldean 30 jokalari badaude eta bost falta badira, ez da asko igartzen. Emakumeetan, aldiz, taldea osatzea gehiago kostatzen da. Esaterako, lan kontuengatik entrenamenduetara etorri ezin badute, jokalari falta gehiago igartzen da, jakina. Baina azken batean egoera horregaz geu gara kaltetuak. Begira, zuzendaritzari taldeak aurrera jarraitu zezan benetako interesa ikusi izan bagenio, guri konpromisoa eskatzea ondo ikusiko genuke, baina ez da horrela izan: konpromisoa eskatu du, baina ez dugu klubaren aldetik babesik eta egoerari buelta emateko borondaterik sentitu. Ez gaituzte aintzat hartu, horrela sentitu gara. Eta ez gabiltza diru kontuei buruz, tratuari buruz baizik. Esaterako, mutilen talde berri bat sortzen bazen, gure entrenamenduak azken ordura pasatzen zituzten, edo mutilen entrenamendu bat ordu berean bazen, guri zelai zatitxo bat bakarrik uzten ziguten entrenatzeko. Ez dira askotan gertatu diren kontuak, baina gertatu dira, eta apurka-apurka erre egiten dute.

Zelan sortu da Ezkurdiren eskaintza?
I.G.: Ezkurdik, beheko mailetako taldeak izanda, nagusien talde bat ateratzeko asmoa zuen. Gure bigarren entrenatzaileak talde bat entrenatzen du Ezkurdin, eta berak jakinarazi zigun. Jokalariak behar zituzten nagusien mailako taldea osatzeko.

Zerk erakarri zaituzte Ezkurdiren proposamenetik?
N.O.: Interes handia ikusi dugu. Berba egin, eta gauzak adostu beharra dago, baina gu benetan konbentzitu gaituena Ezkurdiren zuzendaritzatik sentitu dugun interesa izan da. Ez dakit zer eta zelan irtengo den, baina gauzak ondo egiteko gogoa ikusten dugu. Horrek norberari ere ilusioa pizten dio. Gainera, denok batera jarraitzeko aukera dugu.
N.G.: Nork bere bidea hartuz gero, seguruenik jokalari guztiek ezingo lukete talderik lortu, eta gure ideia denok elkarrekin jarraitzea zen.

Zelan osatuko duzue datorren denboraldiko taldea?
I.G.: Iurretakotik hamar jokalari goaz seguru. Beste bik oraindik erabaki barik dute. Fitxaketak egongo dira, eta Ezkurdiren gazteen taldea ere hor dago.
N.G.: Ezkurdik kadete eta gazte mailako taldeak ditu. Horrek partiduei gutxieneko kopuru bategaz aurre egiteko bermea eskaintzen du, eta abantaila bat da.
I.G.: Gu ez gara beti jokatzen ibiliko, eta, taldea uztean, etorkizuna bermatuta dagoela jakitea pozgarria da. Iurretakon geratu izan bagina, aurtengo egoera berean egongo ginatekeen hurrengo denboraldiaren amaieran.

Iurretakon urte asko eman dituzue: Nereak hamahiru, Norak bederatzi eta Ierak zazpi. Zein oroitzapen gordeko duzue?
N.G.: Iurretako nire kirol ibilbideko talde bakarra izan da. Iurretarra naiz, eta pena handia ematen dit Iurretakotik joan beharrak. Niretzat oso arraroa izango da Larrakozelaira ez joatea. Ez dakit zelan sentituko naizen talde berrian. Alde ona da blokeari eutsiko diogula, eta jokalariok elkar ezagutzen dugula.  
I.G.: Urte hauetan guztietan elkarrekin bizi izan ditugun bizipen onekin geratzen naiz. Azken batean, hori da garrantzitsuena.
N.O.: Nik ere gauza bera diot, bizitako une onak gordeko ditut. Iurretako ez da izan nire talde bakarra, baina, taldeko giroari eta hartu-eman pertsonalei dagokienez, urterik onenak Iurretakokoak izan dira. Arazoak arazo, hemen bizitako urteak ez nituzke ezergatik aldatuko.
I.G.: Taldean, oro har, urtero giro ona izan dugu, baina batzuetan taldetxoak sortu izan dira. Aurten jokalari guztiak inoiz baino batuago egon gara.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!