Gaurdanik Maspen ere indarrean dago TAO

Anboto 2015ko eka. 3a, 13:37
Maspe kalean bertokoentzako 40-42 aparkaleku gehiago gorde dituzte.

Gaur margotu dituzte marra laranjak Maspe kalean. Trafikoa Arautzeko Ordenantza indarrean dago berton gaurtik. Hartara egoiliarrei gordeta 200 aparkaleku inguru daude dagoeneko. Egoiliarren gunean aparkatzeko txartelak eskatzera hainbat herritar hurreratu da. Bidebarrietako udal bulegoetara jo daiteke horretarako.

Maspe kalean ere jarri dute indarrean Trafikoa Arautzeko Ordenantza (TAO). Egoiliarrentzat 40-42 aparkaleku gorde dituzte berton. Hartara, orain 200 bat aparkaleku daude gordeta iurretarrentzat —Tellitu aparkalekua ez eze, Zubiarre eta Bidebarrietan ere badute lekua—. 

Egoiliarren txartela (45 euro) eskatzera hainbat herritar hurreratu da, Iñaki Totorikaguena jarduneko alkateak azaldu duenez. Harrera oso ona izan du TAOk herritarren artean, bere esanetan: “Hor zegoen arazo bat konpondu dugu. Iurretarrek etxe aurrean aparkatzeko aukera dute orain. Gune urdina dute, berriz, auzoetatik herrigunera datozenek ere". Gune urdinean 45 aparkaleku daude guztira. Doaneakoa da, baina, gehienez ordu t'erdian bakarrik aparkatu daiteke. Hiru ordu pasatu bitartean ezin da berriro bertan aparkatu.

Totorikaguenak gogoratu du TAOk eragiten ez dien beste 300 lekutik gora daudela aparkatzeko Ibarretxe eta Paduretan. Azken horretan, kamioientzat gordetako lekua irabaziko dute eta argiteria indartuko dute.

Kamioientzako aparkalekua kenduko dute

Kamioientzako 10 bat aparkaleku egon dira gordeta Paduretako aparkalekuan. Hala ere, kamioirik ia ez da egoten bertan aparkatuta. Hori dela-eta leku hori ordenatuko dute berriro eta autoentzako aparkaleku gehiago egokituko dituzte, Totorikaguenak azaldu duenez. Horrezaz gain, aparkalekuaren atzealdean bi-hiru argiteri gehiago jarriko dituzte.

 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!