Maspe kalea iurretarrek aparkatzeko gorde dezatela eskatzen hasi dira

Anboto 2014ko urr. 14a, 15:30

Azaroaren hasieran hasiko dituzte Iurretan aparkalekua eta trafikoa moldatzeko lanak. Aldaketen artean, iurretarrek eurentzat gordetako aparlakekuak izango dituzte; Tellituko aparkalekua eta Zubiaurreko eta Bidebarrietako plaza batzuk gordeko dituzte. Maspe kaleko bizilagun batzuek kale hori ere iurretarrentzat gordetzea gura dute, eta udaletxean eskabideak aurkezten hasi dira.


Jose Luis Mazorriaga auzokidea bere estankoan hasi da informazioa zabaltzen: “Kale ondoan Paduretako aparkaleku erraldoia dute, beraz, utzi dezatela Maspe iurretarrentzat”.  Maspe Iurretako “kale ahaztua” dela uste du Mazorriagak: “Trafiko gehien duen kalea izango da ziurrenik, eta udaltzainak ez dira ia bertatik pasatzen”.

Iñaki Totorikaguena alkateak prozesua zabalik dagoela nabarmendu du, eta ez du baztertu aurreraxeago aldaketak egongo direnik: “Martxan ipini ondoren ziurrenik aldaketak egin beharko dira; balorazioak egin beharko ditugu zer beharrizan sortzen diren ikusteko”.

Aparkalekuei buruzko ordenantza osoko bilkuran onartu zuten, EAJ, PSE-EE eta PPren botoekin. Bilduk kontra bozkatu zuen. Koalizioaren ustez, “herritarren foroetan batutako ideiak ez dira behar besteko seriotasunez hartu”.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!