Sei ikuskizun, ekainaren 18tik 21era, Iurretako kaleak antzoki bihurtzeko

Anboto 2015ko eka. 3a, 13:37

Iurretako kale eta plazetara sei antzezlan ekarriko ditu, ekainaren 18tik 21era, Kalez Kale jaialdiaren bederatzigarren edizioak. Trapu Zaharra taldeagaz La Conga ikuskizuna eskainiko duen Santi Ugalde aktoreak, Iñaki Totorikaguena Iurretako alkateak, eta emanaldi hauen antolakuntza lanetan aritzen den Garbitxu aktoreak aurkeztu dute, gaur, aurtengo eskaintza.

"Orain bederatzi urte hasitako bidean, antzerkia kalera ateratzeko helburuagaz dihardugu, eta gure esku dagoen heinean, Euskadiko antzerki konpainiei gure laguntza xumea eskaini guran", azpimarratu du Iurretako alkateak aurkezpenean. Azaldu dutenez, aurreko urteetan bezala, 15.000 euroko aurrekontuagaz antolatu dute Kalez Kale jaialdiaren aurtengo edizioa.

Leioako Umore azokan saria jaso berri duen Markeliñe taldearen Andante antzezlanak zabalduko du programazioa, ekainaren 18an. Askondo kalean eskainiko du Zornotzako taldeak, “testurik bako ikuskizun ibiltaria”, 18:00etatik aurrera.

Santi Ugalde eta Maribel Salas aktore ezagunek La Conga ikuskizuna dakarte, ekainaren 19an. Umore beltzeko ikuskizuna da: afiliatu asko galdu dituen sindikatu batek denbora luzez langabezian egon diren pertsonentzako tailer bat antolatuko du. Ugaldek gaurko prentsaurrekoan azaldu duenez, emanaldian parte hartzera gonbidatuko dituzte ikusleak, eurekin jolastera. Askondo kalean ariko dira, 20:00etatik aurrera.

Duela hiru hamarkada sorturiko Trapu Zaharra taldearena baino lehen, Asier Kidam magoaren ikuskizuna izango da, ekainaren 19an, Iurretan ikusgai: Dantzari plazan ariko da, 18:00etatik aurrera.

Ekainaren 20an ere, emanaldi bi izango dira Iurretako Kalez Kale jaialdiaren barruan; Lo que nos dejaron zirku eta akrobazia ikuskizun berritzailea eskainiko du Sainete taldeak, 18:00etan, Amilburu plazan, eta iaz eguraldi txarragatik bertan behera utzi behar izan zuen Rico rico antzezlan zirikatzailea antzeztu ahalko du Salitre antzerki taldeak.

Ohi bezala, musikaren nazioarteko egunagaz bat egingo du Kalez Kale jaialdiak, ekainaren 21ean. Patxin eta Potxin pailazoak gonbidatu dituzte, 18:00etan, azken emanaldia eskaintzera.    

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!