Desanexioaren 25. urteurrena gogoratuz Iurretako udaletxe aurretik hasiko dute Emakumeen Bira

Anboto 2015ko mai. 27a, 15:27

Aurtengo Birak bost etapa izango ditu, ohi baino bat gehiago; ekainaren 10eko erlojupekoa gehitu diote Iurreta Durangotik desanexionatu zen 25. urteurrena gogoratzeko.

Aurtengo Emakumeen Bira aurkeztu dute asteon. Ekainaren 10etik 14ra lehiatuko dute eta bost etapa izango ditu, normalean baino bat gehiago. Aurten 25 urte egin dira Iurreta Durangotik desanexionatu zenetik eta data hori gogoratzeko, erlojupeko proba batekin hasiko dute Bira ekainaren 10eko eguaztenean.

Txirrindulariak udaletxe paretik abiatu eta Askondon helmugaratuko dira. Ez da erlojuleko luzea izango —1,9 kilometro — baina bai karga sinboliko askoduna. Lehen txirrindularia 19:30en abiatuko da. Hasiera ordua ere ez da ohikoa, baina segurtasun neurriak bermatzeko egin dute.

Azpimarratzekoa da baita lehenengoz UCI mailako hiru euskal talde lehiatuko direla Biran: Bizkaia-Durango, BZK Emakumeen Bira eta Lointek. Lehenengo biak Durangaldeko taldeak dira.

Munduko txirrindulari onenak

Urtero legez munduko txirrindulari onenak etorriko dira Birara. Herbehereetako Rabo-Liv eta Boels Dolmans dira talderik indartsuenak eta, batez ere, lehenengo hori. Robo Liv taldean dabiltza UCI rankingeko aurreneko txirrindulari biak, Marianne Vos eta Anna Van der Breggen herbeherearrak, eta baita laugarren sailkatu ere: Pauline Ferrand-Prévot frantziarra. Vos-ek ekainaren amaieran jokatuko den  mendi bizikleten munduko txapelketa irabaztea du aurten helburu, baina hain kalitate handiko txirrindulariak beti dira irabazteko faborito. Van der Breggenek, aldiz, Fleche-Wallone klasikoa irabazi du eta baita Luxenburgoko Jaialdia deritzon bira ere. Ferrand-Brévot ez da atzean geratzen eta urte hasieran errepideko munduko txapelketa irabazi zuen Ponferradan (Espainia). Hiru horiekin batera Emma Johansson eta Evelyn Stevensen lana ere gertutik jarraitu beharko da.

Birako etapak

Birako lehen etapa Arrasaten hasi eta amaituko dute ekainaren 11n. Kurtzeta da etapako mendate bakarra. Bigarren etapa, ekainaren 12an, Uribe-Butroe amankomunazgoa osatzen duten herrietatik igaroko da. Birritan igoko dute Libao mendatea, azkenekoz helmugatik 8 kilometrora. Hirugarren etapa Iurretan hasiko da ekainaren 13an, 10:30ean. Abadiño, Elorrio, Miota, Matiena eta Zornotzatik igaroko da eta kilometro batzuk geroago baita Otxandiotik ere. Azken etapa denetan gogorrena da; Gontzegarraigane eta Lekoitz mendateak igo beharko dituzte, azkenengo hori helmugatik 6 kilometrora.

 

EMAKUMEEN BIRAKO ETAPAK

ATARIKO ETAPA, ekainak 10
- Ibilbidea (erlojupekoa):
Iurreta-Iurreta (1,9 km)

LEHEN ETAPA, ekainak 11
- Ibilbidea:
Arrasate-Arrasate (96 km)
- Mendateak:
Kurtzeta (2. maila).

2. ETAPA, ekainak 12
- Ibilbidea:
Maruri-Fruiz (82,2 km)
- Mendateak:
Libao (3. maila).  

3. ETAPA, ekainak 13
- Ibilbidea:
Iurreta-Iturrimendi (122 km)
- Mendateak:
Zumeltza (2 maila).
Altamira (3. maila).

4. ETAPA, ekainak 14
- Ibilbidea:
Markina-Xemein - Markina-Xemein
- Mendateak:
Gontzegarraigane
(3. maila).
Lekoitz Gane (2. maila)

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!