Iurretako XII. Literatur Lehiaketan 387 idazlan jaso dituzte, aurten

Anboto 2015ko mai. 14a, 09:16

Maiatzaren 8an egin zuten Iurretako XII. Literatur Lehiaketaren sari banaketa ekitaldia, Ibarretxe kultur etxean. Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako, batxilergoko eta helduen saileko sariak banatu zituzten lehenengo, eta Lehen Hezkuntzakoak eman zituzten ekitaldiaren amaieran.


Kristina Mardarasek aurkezu zuen sari banaketa ekitaldia, eta Iñaki Totorikaguena alkatearen eta Amatza Abasolo zinegotziaren eskutik jaso zituzten parte-hartzaileek euren sariak: liburu sorta jaso zuten txikienek, liburu bonuak gazteek, eta dirusariak eman zizkieten helduei. Udalak jakinarazi duenez,  2.700 euro inbertitu ditu lehiaketako sarietan emateko.

Iñaki Totorikaguena alkateak ekitaldiaren aurkezpenean azaldu zuenez, 387 lan jaso dituzte, aurten, ipuinen eta bertsoen sailak biltzen dituen lehiaketan; 131 Lehen Hezkuntzako ikasleek aurkeztu dituzte, 225 DBHkoek, eta 31 helduek.

Iurretako alkateak barikuko sari banaketa ekitaldian azpimarratu zuenez, bestalde, Euskal Herritik kanpoko hainbat parte-hartzaile ere izan dituzte aurtengo edizioan. Ipuinen arloko helduen sailean, esaterako, Ernesto Tubía idazle errioxarraren La Pluma lanak jaso du lehenengo saria.

Iurretako Udalak eta Herri Bibliotekak haur, gazte eta helduen artean irakurzaletasuna eta sormena bultzatzeko helburuagaz antolatu dute literatur lehiaketaren XII. edizioa.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!