Heldu zein umeentzako antzerki programazio egonkorra abiatu dute Iurretan

Anboto 2015ko mai. 4a, 15:10
Ekainaren 12an, Lauka Teatro taldearen 'Amodioaren Ziega' antzezlana izango da Ibarretxe kultur etxean ikusgai.

Urtetan, kale antzerkiaren inguruko egitaraua antolatu izan du Iurretako Udalak urteko sasoi honetarako, eta, “antzerkia bultzatzen jarraitzeko” helburuagaz, areto barrurako eskaintza egin dute aurten. Horrela, aurrerantzean, antzerki programazio egonkorra eskainiko du Iurretako Udalak: umeentzako obra bat eta helduentzako beste bat eskainiko ditu hilero, eta emanaldi guztiak doakoak izango dira, “herritar guztiek” gozatu ahal izateko.


Apirilean estreinatu dute Ibarretxe kultur etxeak udaberri honetarako prestatu duen egitaraua. Hilaren 17an, Deabru Beltzak antzerki taldearen helduentzako Opera abeslaria ikuskizuna eskaini zuten, eta, pasa den eguenean, umeentzako Zapata gorriak.

Maiatzerako eta ekainerako antzerki eskaintzaren berri eman dute, dagoeneko, Ibarretxe kultur etxetik. Maiatzaren 15ean, esate baterako, Glu Glu Produkzioak taldearen La última oportunidad lana izango da kultur etxean ikusgai. Helduei zuzenduriko maiatzeko eskaintza izango da hori. Ekainean, berriz, Durangaldeko aktoreen Amodioaren ziega antzezlana ikusteko aukera izango da Ibarretxen. Ekainaren 12an izango da Lauka Teatroa taldearen emanaldi hori.

Umeei zuzenduriko ikuskizunak izango dira, bestalde, maiatzaren 22koa eta ekainaren 25ekoa: Antzokiko istorioak eta Hansel & Gretel eskainiko dituzte, egun horietan, hurrenez hurren. Ibarretxe kultur etxean, 17:00etan izango dira umeentzako antzezlanak, eta, 19:30ean, helduentzako emanaldiak.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!