Urrijena jaiaren ostean, ohitura da jaiko argazki guztiak batu, eta dantzariei banatzea. Lehen paperezko argazkietan egiten zutena, orain formatu digitalean egingo dute. Eneko Barroeta Urrijena Batzordeko kideak azaldu duenez, 3.000 argazki baino gehiagoko CDaren kopiak egin dituzte. Dantzari guztientzako kopiak egin dituzte, eta, gaur ekitaldira hurreratu ezean, taldeetako arduradunen bidez egingo dute banaketa.
Aurtengo nobedadea jaiko grabazioekin egindako muntaia da. Gaur iluntzean proiektatuko dute muntaiaren zati bat, eta DVDa astelehenetik aurrera Iurretako kopistegian egongo da salgai, 3 euroan. Ia ekitaldi osoa batzen duen muntaia eta bertsio labur bat prestatu dituzte ikus-entzunezkorako.
Hainbat lagunen ekarpena
Argazkiak Txelu Angoitiak, Goiuri Aldekoa-Otalorak, Txebi Arriagak eta Jon Gamindek ateratakoak dira. Bideoak, aldiz, Ainara Petitek, Karmelo Alberdik, Alberto Perez Urrestik eta Jon Gamindek grabatutakoak dira, eta Asier Vera eta Eneko Barroeta arduratu dira muntaia egiteaz.