Asteburuan Espainiako Ziklo-Kros Txapelketak jokatu dituzte mailaz maila Xixongo (Asturias) Pericones parkean atondutako zirkuituan. Kadete mailan CAF Transport Engineering taldeko Saioa Gilek irabazi du urrezko domina. Lehen mailako kadetea den arren, Gil karrantzarrak nagusitasun handia erakutsi zuen hasieratik amaierara. Monica Varas eta Sofia Rodriguezek osatu zuten podioa. Aurtengo denboraldian Saioa Gilek Espainiako Kopa ere irabazi du ziklo krosean.
Euskal txirrindulariek, guztira, urrezko sei domina, zilarrezko hiru eta brontzezko bat irabazi dute Espainiako txapelketan. Aitor Hernándezek (Specialized-Ermua) urrea irabazi du elite mailan eta Javier Ruiz de Larrinagarentzat (MMR-Spiuk) izan da zilarra. Junior mailan Jokin Alberdi nagusitu da eta Jon Gilek —Saioaren neba— jantzi du zilarra. Jon Pellado, Jokin Alberdi, Jon Munitxa, Asier Arregi, Juan Jose Romero eta Olatz Odriozolak osatutako taldeak, berriz, zilarra irabazi du errelebo proban.
Gainerako dominak master mailetan etorri dira: Jesus Ignacio Ibañezek urrea irabazi du eta Roberto Camiruagak brontzea 50B mailan; Xabier Mendiarazek eta Eduardo Jiménezek urrezko domina bana irabazi dute 40B eta 30B mailetan.
Saioa Gil helmugara heltzen Euskadiko selekzioa ordezkatuz: