Txaro Gorospe Bereziartua: "'Nordic Walking'-a aurkikuntza handi bat izan da nire bizitzan"

Anboto 2014ko aza. 29a, 10:00

‘Nordic Walking’-a probatzen duena harrapatuta gelditzen da. Horixe gertatu zaio Txaro Gorosperi (Iurreta, 1957). Instruktorea da orain, eta Durangaldean ikastaroak emateari ekin dio: "Batzuek pentsatzen dute makilekin ibiltzea nagusien kontua dela, baina ez da horrela".


Zer da ‘Nordic Walking’-a?
Martxa modalitate bat da. Ez da kirol bat, mugimendu kontzeptu bat baizik. Hanken ekintzaz gainera, gorputzaren goiko aldea ere kontuan hartzen du. Gerritik gora lantzen da gehien. Ibiltze normala alderantziz da. Era berean, horretarako bereziki diseinatutako makila berezi bi behar dira.  

Beraz, mendiko edozein makilak ez du balio.
Ez. Makila hauek Nordic Walking kilolerako bakarrik balio dute. Trekkingeko makilek ez dute balio.  

Zelan sortu da ‘Nordic Walking’-a?
Finlandian sortu da. Han mundu guztiak eskiatzen du, eta, batez ere, iraupen eskia egiten dute. 1996an bi ikaslek, kirol teknika ikasten zebiltzala, gai honen inguruko tesi bat egin zuten. Teknika diagonal honetan jardun zuten, eta horrela garatu zen. Udan han ere ez dago elurrik, eta kirol hau egiten jarraitu gura zuten. Finlandiatik Alemaniara eraman zuten, eta herrialde horietan mediku batzuek gaixotasunaren arabera aholkatu egiten dute.

Zelan deskubritu duzu ‘Nordic Walking’-a?
Oinez ibili izan naiz, eta pilatesa eta gimnasia egin izan ditut. Euskal Herrian aitzindaria Xabier Madina da, eta ezagutu egin nuen. Beragaz hasierako ikastaroa eta teknifikazioa egin nituen. Nire bizitzan aurkikuntza handi bat izan zen. Oinarrizko instruktorea izateko Bernd Goldschmidtekin ikasi nuen. Instruktorea izateko berriz, Goldschmidtekin eta Eveline Feussnerrekin.

Durangaldean irakasten zabiltza. Zelako harrera izan duzu?
Durangon eta Otxandion ibili naiz, eta, azaroaren 29an, Arratian emango dut ikastaro bat. Orain artekoak oso ondo joan dira. Nordic Walkinen alde onena da edozein adineko pertsonentzat dela egokia. Durangoko ikastaroan 75 urteko gizon bat etorri zen, eta bere neurrian oso ondo jardun zuen.

Lesioren bat dutenek ere egin dezakete?
Ni neu eskuineko belaunetik operatuta nago, eta ez zait guztiz ondo gelditu. Modalitate honetan oso ondo dihardut, eta orain ez nintzateke korrika egiten hasiko.

Zein profiletako jendea joaten da ikastaroetara?
40tik 60 urtera bitarteko emakumeak dira. Batzuek pentsatzen dute makilekin ibiltzea nagusien kontua dela, baina ez da horrela.  
 
Euskal Herrian elkarte bat sortu duzue.
Euskadi Nordic Walking Elkartea (ENWE) 2011n sortu zen, batez ere, Xabier Madinaren bidez. Bera Hernanin bizi da, eta bertan sortu zuen. Euskal Herri mailan, Gipuzkoan du indarrik handiena. Nafarroan eta Bizkaian ere badabiltza ikastaroak ematen.

Ikastaro batean zer ikasten da?
Egun batean teknika ikasten da. Guk erabiltzen duguna Alfa teknika da: artez ibili, besoak luzatu, angelua osatu eta oinak bizkortu.

Zeintzuk dira teknika horren abantailak?
Makila barik ibiltzea baino eraginkorragoa da. Artikulazioetan gainkarga askoz txikiagoa da, eta zerbikaletako tentsioa erlaxatzen du. Bihotzaren lana optimizatzen du. Gainera, ekonomikoa da. Makilaren gastua baino ez du.   

Noiz emango dituzu hurrengo ikastaroak Durangaldean?
Abenduaren 13an euskaraz eta 14an gaztelaniaz, Durangon emango ditut ikastaroak. Plazak mugatuta daude. Webgunea ere badut, www.martxan.wordpress.com.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!