Musika Hamabostaldiari hasiera emango diote, gaur

Anboto 2014ko azaroaren 14a

'Arnasak' izenburuko ikuskizuna eskainiko dute Mendizabalek eta Furundarenak.

Hiru hitzorduko musika zikloa antolatu du Iurretako Udalak. Herritar guztiei zuzenduriko doako emanaldi bi, eta Maiztegi herri eskolakoei zuzenduriko kontzertu didaktiko bat. Gaur, 19:30etik aurrera izango da lehenengo emanaldia. Garikoitz Mendizabal txistulariak eta Aitor Furundarena soinujoleak Arnasak ikuskizuna eskainiko dute Ibarretxe kultur etxean.

Urteak daramatzate Furundarenak (Ordizia, Gipuzkoa, 1970) eta Mendizabalek (Zestoa, Gipuzkoa, 1973) elkarrekin jotzen, eta elkarlan horren emaitza da Arnasak izenburuko ikuskizuna. Egileen berbetan, “sosegutik, poztasunetik, hausnarketatik eta dantzaren tradiziotik sortutako musika berri eta garaikidea” da Iurretan eskainiko dutena. Euskal musika tradizioko kantak eskainiko dituzte, baina tangoari eta Eskoziako musikari ere keinua egingo diote emanaldian.

Azaroaren 21ean, bestalde, Euskadi Brass taldeak eskainiko ditu emanaldi bi. Goizean, 11:30etatik aurrera, Maiztegi ikastetxeko ikasleek emanaldi didaktikoaz gozatu ahalko dute Ibarretxe kultur etxean. Felipe y los siete mortíferos izeneko ikuskizuna eskainiko diete Iurretako umeei; tronboia, biolontxeloa eta narratzaile baten ahotsa uztartzen ditu ikuskizun horrek. Egun berean, eta aurtengo Musikaldiaren zikloari amaiera emateko, 20:00etan, publiko orokorrari zuzenduriko emanaldia ere eskainiko du Euskadi Brass taldeak, Aita San Migel elizan.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!