Txirrita, Sabino Arana eta Mikel Goñiren grafiti satirikoak, kontrastearen bila

Anboto 2014ko aza. 12a, 19:45

Txirrita hip hoplari? Sabino Arana emakume eta biluzik? Mikel Goñi pernil bategaz? Iurretako Dantzari auzunearen ingurutik joaten denak grafiti bitxi horiek topatu ahalko ditu hiru hormatan margotuta.  Atentzioa ematen dute, ohiko mural edo horma-irudietatik aparte, satirikoak eta apurtzaileak direlako. Grafiti horien sortzailea topatu du ANBOTOk, eta azalpenak eman arren, anonimotasunean geratu gura izan du. Iurretak badauka bere Banksy propioa.


Munduan zehar makina bat irudi satiriko margotu dituen artista anonimo eta famatua da Banksy, eta Iurretako gaztea bere jarraitzailea da. 20 urte dauzka, eta grafitiaren munduan hasiberria da. Hain zuzen ere, Banksy izan da bere artista sena piztu duena. Bere Exit Through the Gift Shop dokumentala ikusi, eta “nik ere egin ahal dut”, pentsatu zuen. Astebetean egin zituen irudien zirriborroak eta txantiloiak, baita marraztu ere. Etxekoak oporretan joan ziren, eta tarte hori aprobetxatu zuen ekintza prestatzeko. Beraz, senideek ere ez dakite artista bat daukatenik etxean.


Irudiz irudi
“Euskal kulturako pertsonaiei eta mitoei kontraste bat atera gura nien”, esan du grafitigileak. Txirrita hip hoplari amerikar baten janzkeragaz agertzen da, bisera, urrezko kate eta pistolagaz. Horregaz, “baserritik kalera” ekarri gura izan du bertsolari zena. Ideia Xabier Silveiraren Txirrita MC diskotik etorri zitzaion. EAJren sortzaile izan zen Sabino Arana emakume gorputzean eta biluzik ageri da pertsiana batean. “Ez duzu espero Sabino Arana biluzik ikustea andre baten gorputzagaz, ezta?”, galdetu du gazteak. Apurtzailea denik ezin ukatu, behintzat. Hirugarren irudiak Mikel Goñi pilotaria dakar; garaipena ospatzen dabil, baina pernil bat dauka eskuetan. “Boxeolari bat izango balitz bezala, sari bat dauka eskuetan, eta harrotuta dago”.

Espraiaren artista gazteak kolorez ikusi gura ditu Iurretako kaleak, eta bere helburua kultura hori sustatzea da, “jendeak ikusi eta gehiago egin ditzan”. Fermin Muguruzaren eta Mikeldiko txerriaren zirriborroak prest dauzka, baina etxekoak berriro oporretan joan arte, behintzat, ez ditugu kalean ikusiko.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!