Gurutze Frades laugarren bider Espainiako txapeldun

Anboto 2014ko aza. 3a, 09:58
Emakumeetako lehen hiru sailkatuak; Gurutze Frades, erdian.

Distantzia Luzeko triatloien Espainiako Txapelketa irabazi du Gurutze  Frades iurretarrak (Mugarra Triatloi Taldea) bere ibilbidean laugarren bider.

Lanzaroten jokatu zen txapelketa 400 parte hartzailegaz. Igeriketako 3 kilometroetan Esther Rodriguez eta Dolca Ollé izan ziren azkarrenak. Bizikletako 120 kilometroetan borroka estua mantendu zuten Ollé, Rodriguez, Nicole Woysch eta Judith Corachán-ek. Gurutze Frades aurrekoengandik 9.40ra zegoen une hartan.

Korrikako 30 kilometroetan erakustaldia eskaini zuen iurretarrak. Amaierarako 10 kilometroren faltan lider jarri zen eta bakarrik egin zuen helmugara arteko bidea: 7.19.15. Dolcá Ollék (7.29.28) eta Esther Rodriguezek (7.30.18) osatu zuten podioa.

Gurutze Fradesek iazko titulua berritu du eta bere ibilbidean laugarren bider izan da distantzia luzeko triatloien Espainiako txapeldun. Hunkituta dago: “Oraindik sinetsi ezinik nabil. Garaipen hau asko kostatu zait eta ez dakizue zer emozionatuta nagoen. Denboraldi gogorra izan da, lasterketa hau ere bai eta ez nituen denak nirekin. Eskerrik asko abentura honen parte osatzen duzuen denoi”, adierazi du sare sozialetan.

Gizonetan Gustavo Rodriguez galiziarra izan zen irabazlea eta Francisco Santosek eta Alejandro Jimenezek osatu zuten podioa.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!