7 antzezlan, Kalez Kale jaialdiaren 8. ediziorako

Anboto 2014ko eka. 11a, 16:30
Gorka Ganso aktoreak, Iñaki Totorikaguena Iurretako alkateak eta Oscar Castaño 'Garbitxu' jaialdiaren koordintatzaileak aurkeztu dute jaialdia.
Durangoko Ganso & Cia konpainiaren 'Walkman' ikuskizunagaz hasiko da, ekainaren 19an, VIII. Kalez Kale jaialdia. Gaur aurkeztu dute kaleko antzerkiaren Iurretako jaialdia.

 

Euskal Herriko antzerki konpainiek kalean eskaintzeko sorturiko zazpi obra eskainiko dituzte Iurretako VIII. Kalez Kale jaialdian, ekainaren 19tik 22ra. Euskarazko testua daukaten hiru antzezlan izango dira ikusgai, eta testurik bakoak dira programazioaren barruko beste hiru lan.

Durangoko Ganso & Cia konpainiaren Walkman lanagaz hasiko da jaialdia: ekainaren 19an, 18:00etan, Amilburu plazan. Emanaldi horri buruz aritu da, gaur, jaialdiaren aurkezpenean, Gorka Ganso antzezlea: "Sinplea eta zentzu askotan oinarrizkoa da antzezlana", esan du, "baina aldi berean oso landua ere" bada Walkman. Ganso & Ciak ohi duen eran, "pertsonaia patetiko eta maitagarria" du protagonista. Emanaldi horren ostean, 20:30ean, Dantzari plazan eskainiko du Tor magoak Hator magiara ikuskizuna.

Ekainaren 19tik 21era, egunean bina emanaldi eskainiko dituzte Kalez Kale jaialdian; 18:00etan bata, eta 20:30ean bigarrena, eta ekainaren 22ko Toborro magoaren Magia eszenatokian ikuskizun "berritzaileak" itxiko du jaialdia.

Jaialdia koordinatzen aritu den Deabru Beltzak taldeko Oscar Castaño Garbitxuk azpimarratu duenez, deneriko ikuskizunak izango dira datorren asteburuan, Iurretan: Malas Compañias konpainia bilbotarrak, esaterako, duela aste gutxi aurkezturiko ikuskizun berria eskainiko du, ekainaren 21ean, Amilburun: Txatarra izenburukoa. Egun horretan, bestalde, eta azken zazpi urteetan egin duten bezala, Kalez Kale jaialdiaren barruan ospatuko dute, Musikaren eguna: herrian zehar danborrada eskainiko dute, 10:30etatik aurrera, Maiztegi eskolako umeek.

Kale antzerkiaren jaialdiaren egitarau zabalaren barruan, Turukupa taldeko gasteiztarrek musika eta antzerkia uztartuz eskainiko duten Rezikletas ikuskizunak ere badu lekurik: berziklaturiko instrumentuak baliatzen dituzte emanaldi horretan. Ekainaren 20an, bestalde, Zirika Zirkus nafarrek eta Salitre taldeek erakutsiko dute euren lana Iurretan.

"Krisi ekonomikoaren aitzakian hau bezalako jaialdiak bertan behera uzten dituzten sasoian, Iurretan kulturaren aldeko apustua zelan mantentzen den ikustea oso pozgarria da", azpimarratu du Gansok. Iñaki Totorikaguena alkateak aurkezpenean esan duenez, "duela zortzi urte jaialdia lehenengoz antolatu genueneko helburu berberekin jarraitzen dugu". Totorikaguenak azaldu du, Bizkaiko Aldundiaren eta Eusko Jaurlaritzaren babesagaz, eta 14.000 euroko aurrekontuagaz antolatu dutela 8. edizio hau.

 

 

 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!