Hirugarren Mailara igotzen saiatzeko final bi ditu aurretik Iurretakok

Anboto 2014ko maiatzaren 17a

Ohorezko Maila amaitzeko partidu biren faltan, Iurretako futbol taldea Hirugarren Mailara igotzeko borrokan dabil. Igoko balitz, taldearen historian aurrekaririk ez duen lorpena litzateke, eta Durangaldeko ordezkaririk nagusiena izatea partekatuko luke Durangoko Kulturalarekin. Saria handia eta eskuragarria da, baina hainbat baldintzek bat egin behar dute horretarako.


Iurretako bigarren dago sailkapenean. Ohorezko Mailan talde bakarra igoko da zuzenean, eta Santurtzik betetzen duen postu hori hiru puntura du. Beraz, Santurtzik huts egin beharko luke, zuzenean igotzeko aukerak izateko. Baldintza hori betetze ez bada, Iurretakok promozioa jokatuko luke, beti ere bigarren tokiari eusten badio; eta ez da erraza izango, Erandio, Somorrostro eta Getxo orpoz orpo dituelako. Era berean, promozioa baliatzeko beharrezkoa litzateke Hirugarren Mailako playoffa jokatzen dabiltzan lau talde euskaldunetako batek  igoera lortzea.


Iaz talde igo berria zen Iurretako eta, hala ere, azken lau jardunaldietara igotzeko aukerekin heldu ziren; baina lau partidu horiek galdu egin zituzten. Taldeak hainbat jokalari berri ditu aurten, baina dinamika berari eustea lortu du: “Ilusio handia dugu eta erantzukizunari aurre egiteko prest dago taldea. Presiorik ez dugu, presioa aurrekontu askoz indartsuagoa duten Santurtzik edo Somorrostrok dute”, adierazi du Jon Gurutz Vazquez entrenatzaileak. Zapatuan, 17:00etan, jokoan ezer ez duen Apurtuarte hartuko du taldeak Larrakozelaian.


Elorrio, mailari eutsi guran
Elorriok hirugarren denboraldia du Ohorezko Mailan eta jaisteko arriskuan dago. Geratzen diren partidu biak arerio zuzenen aurka ditu (Baskonia B eta Loiu), eta bietan irabaziz gero, mailari eusteko aukera handiak izango lituzke.


Denboraldi gorabeheratsu baten ostean –jokalariek lesio asko izan dituzte–, sasoi onean heldu da azken txanpara. Azken bost partiduetan hiru irabazi eta bi berdindu ditu. Bihar arratsaldean ere hiru puntuak lortu behar ditu Baskoniaren etxean.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!