Iñaki Totorikaguena alkatearen eta Amatza Abasolo zinegotziaren eskutik jaso dituzte Bigarren Hezkuntzako eta Batxilergoko ikasleek eta 18 urtetik gorako irabazleek euren sariak, eta 15:00etatik aurrera egingo dute Lehen Hezkuntzako parte hartzaileen sari banaketa.
Kristina Mardarasek gidaturiko aurkezpenean Iñaki Totorikaguena alkateak azpimarratu duenez, parte-hartze "oso altua" izan du, aurten ere, Iurretako Herri Bibliotekak koordinatzen duen lehiaketa honek: "Ia 400 lan jaso ditugu; Iurretako eta Durangaldeko sortzaileenak ezezik, EAEko zein Estatuko beste herri batzuetatik bidalitakoak ere bai". Lehen Hezkuntzako idazleen 130 idazlan jaso dituzte, 218 Bigarren Hezkuntzako ikasleenak, eta 18 urtetik gorakoen 34.
Iurretako kultur etxeko ekitaldi horretan aurkeztu dute, bestalde, Iurretako XI. Literatur Lehiaketan sarituriko lan guztiak —ipuinak, bertsoak eta komikiak— biltzen dituen liburua ere. Iraia Okina iurretarraren ilustrazioa dauka liburuak azalean, eta Peru Magdalena idazle eta epaimahakideak idatziriko hitzaurrea darama.
Saririk jaso ez dutenei zuzendurikoa da Magdalenaren testua. Magdalenaren berbetan, "berez da gezurra eta injustua sorkuntza epaitzea. Parametro batzuk adosten ditugu, joera batzuk baloratu, baina literatura ez da atletismoa, eta sekula ezingo da neurtu sorkuntza lan baten edertasuna, orijinaltasuna, eragina edota hartzailearengan zabalik utziko dituen bideak".