Maspe eta Bixente Kapanaga arteko tunela berriztuko dute

Anboto 2014ko mar. 20a, 12:34
Egunero hainbat iurretar pasatzen dira tuneletik, Osakidetza eta jubilatuen egoitzara, esaterako.

Pasabidea komunitateko kideena izan da orain arte, baina Iurretako Udalaren esku utzi dute, bertan hobekuntzak egiteko. 55.000 euro inguruko kostua izango dute lanek, eta aurrekontuak onartu eta gero hasiko litzateke obren lizitazio prozesua.

 

Besteak beste, zorua aldatu eta horma berriak ipiniko dituzte Maspe eta Bixente Kapanaga kaleen arteko pasabidean. 1978an inguruko etxebizitzak egin zirenetik dago pasabidea bertan, eta hobekuntza premiak ikusita, Iurretako Udalak akordioa lortu du komunitateko kideekin, bertan obrak egiteko. Orain arte komunitatea izan da pasabidearen jabea, eta doako lagapen bidez udalarena da orain pasabidea.


Pasabide horretatik, besteak beste, anbulatoriora eta jubilatuen etxera igarotzen dela nabarmendu du Iñaki Totorikaguena Iurretako alkateak. Zerbitzu horietara hurreratzeko bidea labainkorra da, eta Maspeko sarreran, esaterako, sarbidea zailtzen duen koska bat dago. Obrekin, espaloia eta pasabideko zorua lotuko dituzte, eta gres portzelanikoa ipiniko dute pasabideko zoruan. Hormak ere guztiz aldatuko dituzte, eta sabai faltsua ipiniko dute. Argiztapen berria ere jarriko dute.


55.000 euroko kostua
Lanek 55.000 euro inguruko kostua izango dutela azaldu du Iñaki Totorikaguenak. Aurrekontuak Aste Santu ostean eztabaidatzea aurreikusi dute, eta onartuko balira, orduan hasiko litzateke obra esleitzeko prozedura.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!