Euskal Herriko finala jokatuko dute gaur Gorka Otaduik eta Aitor Elordik

Anboto 2014ko mar. 8a, 08:00
Aitor Elordi, Josetxo Areitio eta Gorka Otadui martitzen goizean, Iurretako pilotalekuan, egindako entrenamenduan.
Gorka Otadui berriztarrak eta Aitor Elordi mallabitarrak Euskal Herriko Pilota Txapelketako finala jokatuko dute gaur, Azkoitian; Iurretako pilota eskolan dabiltza biak Josetxo Areitioren aginduetara

 

Olaburu pilota eskolak norabide berri bati ekin zion orain lau urte. Ordura arteko lan dinamika aldatu zuen, eta pilotari gazteen trebakuntza Josetxo Areitio prestatzaileak, eta Pablo Berasaluze eta Alexis Apraiz pilotariek osatutako hirukoaren ardurapean geratu zen. Dinamika berria fruituak ematen dabil apurka. Horrela, sasoi hartan haur kategorian zebiltzan Gorka Otaduik eta Aitor Elordik Euskal Herriko Pilota Txapelketako finala jokatuko dute gazte mailan, gaur, Azkoitian (Gipuzkoa).

Finala jokatzea orain hiruzpalau urte "pentsatu ezinezko" lorpena litzatekeela uste du Valen Calleja pilota eskolako presidenteak. Baina ametsa errealitate bihurtu zaie, eta partidu "estua" dute aurretik. Bortziriak (Nafarroa) taldeko Mitxelena eta Martinez izango dituzte parez pare, gaur, Otaduik eta Elordik. "Atzean Mitxelena apur bat jotzaileagoa da, baina Otadui oso pilotaria da. Erasoei eusten eta pilota baztertzen asmatzen badu, hor egon daiteke gakoa. Aurrean pilotari biek dakite tantoa amaitzen".

Txapelketa irabazi zein ez, orain arte egindako bidea ere kontuan hartzekoa da. Lehenengo, Bizkaiko Txapelketa irabazi zuten bigarren urtez jarraian. Partidu guztiak nahiko erraz irabazi zituzten. Horrela, Bizkaian eta gazte mailan bikote erreferentea dela erakutsi zuten. Olaburu pilota eskola bera ere puntan kokatu da Bizkaiko kluben artean. Horren adibide da orain bi urteko Bizkaiko finala Iurretan dabiltzan bikote bik jokatu izana: Otaduik eta Elordik Mikel Bereinkua eta Arkaitz Diez izan zituzten kontrario.

Bizkaiko txapela jantzi ondoren, Euskal Herri mailako ligaxkan aurreneko bost partiduak irabazi zituzten Otaduik eta Elordik, eta finalerdietarako sailkatu ziren. Finalerdietan 22-16 kanporatu zuten Markina.

Iurretako pilota eskolak 50 pilotari ditu gaur egun. Kantitatea eta kalitatea, bietatik dute: "Lanean dago sekretua, serio entrenatzean. Josetxo [Areitio]  zorrotza da bere buruagaz, eta neurri berean exijitzen die pilotariei, baina denak gustura dabiltza beragaz. Berak daroa entrenamenduen alde teknikoa. Horri Pabloren [Berasaluze] jakintza gehitu behar zaio, berak markatzen du norabidea. Pilotariekin kantxan ere jardun izan du entrenamenduetan".

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!