Hego Ameriketan zaude. Zertan zabiltza bertan? Argazkiak egiteko ere astirik atera duzu?
Hamar hilabete daramatzat Txilen, argazkigintzaren sorkuntza prozesuari buruzko ikastaroak eskaintzen. Begiradari buruz izena du tailerrak, eta Txileko hamar eskualdetan eskaini dut, dagoeneko. Herrialde hau ezagutzeko aukera ederra da. Santiago hegoaldean, Temucon, nago bizitzen, eta bertatik, aldi berean beste bi proiektu pertsonal garatzen ere badihardut: Maputxe indigenei buruzko Madre tierra argazki proiektua eta Somos dokumentala.
Zelan sortu zitzaizun ‘Euri eta eguzki egunak’ erakusketa Durangoko Museoan ipintzeko aukera?
BBK Fundazioak antolatu zuen duela urte batzuk erakusketa, eta han-hemen ikusgai izan da ordutik hona. Oraingoan, Durangoko Museoak aukeratu du bere programazioan barne hartzeko.
Bidaietan egindako argazkiak dira erakusketa honetakoak. Sorkuntzari begira, bereziki emankorrak zaizkizu bidaiak?
Ez dut uste bidaiatzeak berez sorkuntza sustatzen duenik. Argazkigintza baino askoz inportanteagoa den beste gauza batengatik bidaiatzen dut: bizi esperientziagatik.
Zelako jendea eta lekuak dira erakusketako argazkietakoak? Noiz egindako argazkiak dira?
Bidaia bat beti da zoazen lekua zein zeure burua ezagutzeko aitzakia bikaina. Kasu honetan, Marokora egindako bidaiek bultzatu dute argazki proiektu hau; herrialde horretara 2005. eta 2009. urteen artean egindako bidaiek. Motxilan 8.000 kilometro baino gehiago metatu ditut, bertakoen etxeetan ostatu hartu dut, mendietan zein Atlas Ertainean zehar ibilaldi luzeak egin ditut, Agadir, Rabat, Lalla Takerkoust, Tetuan, Taza, Tanger eta Tiznit ezagutu ditut, adibidez. Euri eta eguzki egunak erakusketak bidaia hori islatzen du, eta nire esperientzia pertsonala gaur egungo Marokon ere bai.
Zaila egin zaizu erakusketarako argazkien aukera egitea?
Argazkiak egitea bera baino, argazkigintza gehiago da aukeraketa lana, hau da, edizio lana. Ehunka argazki egin eta gero, irizpide narratiboen arabera egiten dut hautaketa. Erretratua, paisaia naturala eta paisaia hiritarra aukeratu ditut kasu honetan.
Gehiago lantzen duzu zuri-beltza kolorea baino?
Zuri-beltzaren tradiziotik nator, eta nire azken urteetako lanetan gehiago landu dut erregistro hori. Edozelan ere, gaur egun kolorea lantzen ere badihardut, eta uste dut litekeena dela aurrerantzean hortik jotzea gehiago.
Erretratuak dira argazki gehienak, ezta? Bereziki gustatzen zaizu erretratua lantzea?
Argazki lanari artikulazio narratiboa ematen lagun diezadaketen erregistro guztiak ditut gogoko. Horietariko bat da niretzako erretratua.
Argazkilaria ez ezik, Durangoko Begira Photo jaialdiaren antolatzailea ere bazara.
Kinua argazki elkarteak antolatzen du jaialdia, eta koordinazio orokorreko lanak egiten ditut nik. Aurten, ekainaren 10etik 29ra arte ospatuko dugu IV. edizioa. Egile euskaldun asko izango dugu aurten, eta nazioartekoak ere bai, noski. Estatuko argazkigintzan oso ezaguna den Jesus Micó argazkilari, kritikari eta irakaslea ere gonbidatuko dugu Begirara. La autoría personal, claves para mejorar un proyecto personal de autor izeneko tailerra gidatuko du Micók. Nobedade bezala, umeei zuzenduriko tailer bat eskainiko dugula ere aurreratu dezakegu.