Goiuriako betelekurako jarduera baimena baliogabetzearen kontrako errekurtsoa ez dute onartu

Anboto 2014ko urt. 22a, 14:28
Lukupeko Troka eta Luku Txiki ibarbideak lurrez betetzeko udalak emandako obra eta jarduera baimena hartu dute hizpide beste behin ere Iurretan. Gaur izandako ez ohiko udalbatzarrean obra eta jarduera baimen hori balio barik utziz joan zen irailean udalbatzarrak hartutako erabakiaren kontra aurkeztutako berraztertze errekurtsoa izan dute berbagai. Goiuriako kofradiak eta auzotar batek aurkeztutako errekurtso hori ez du onartu udalbatzarrak.

Goiuriako kofradiak eta auzotar batek errekurritu egin dute Lukupeko Troka eta Luku Txiki ibarbideak lurrez betetzeko  obra eta jarduera baimena baligabetzeko udalbatzaren erabakia. Hala ere, EAJ eta PSE-EEren botoei esker, atzera bota dute berraztertze errekurtso hori.Euskadiko Aholku Batzorde Juridikoaren nahitaezko txosten loteslean oinarritu zen osoko batzarra, udalak 2010ean emandako baimena baliogabetzeko. 

Bilduk onartzearen alde bozkatu du, "eztabaida sakona" behar dela azpimarratuta: "Udalak eskatutako txostena baino ez dugu izan erabakitzeko". 

Bi oinarri izan ditu Goiuriako kofradiak eta auzotar batek aurkeztutako berraztertze errekurtsoak: batetik, Euskadiko Aholku Batzorde Juridikoaren ebazpena epez kanpo aurkeztu izana, eta, bestetik, txosten horretan, udalaren kontra betelekurako obra eta jarduera baimena emategatik zabaldutako auzi prozesuak ez aipatzea.

 

Euskadiko Aholku Batzorde Juridikoagaz bat

Epez kanpo aritzea ez da ebazpena baliogatzeko arrazoi Iñaki Totorikaguena alkateak argitu duenez, "ez delako babesgabetasunik izan”. Era berean Euskadiko Aholku Batzorde Juridikoak auzi prozesu horiek gehitu dituen arren, alkateak dio “hori ez dela beharrezkoa". Arrazoitu duenez, "lizentzia emateko baimen bat falta denean, gure kasuan URA agentziak eman beharrekoa, lizentzia hori baliogabetuta geratzen da. Horregaitik eskatu zen Euskadiko Aholku Batzorde Juridikoaren ebazpena, auzi prozedurak aparte utzita, Lukupeko Troak eta Luku Txiki ibarbideak lurrez betetzeko emandako obra eta jarduera baimena balio gabe uzteko prozedura hais ahal izateko". Udalak horrek artxibatzea eskatu zuela ere gaineratu du.

PSE-EEk, bestalde, Euskadiko Aholku Batzorde Juridikoaren ebazpena “zuzenbidearen egokitua” dela dioen txostena hartu du oinarri  errekurtsoa ez onartzerakoan.

 

Bildu: "Oinarririk badu errekurtsoak"

Bestelako iritzia du Bilduk. Zorion Agirrezabal zinegotziak azaldu du oinarririk baduela Goiuriako kofradiak eta auzotar batek aurkeztutako berraztertze errekurtsoak, "Euskadiko Aholku Batzorde Juridikoak epez kanpo aritzea aitortu dutelako, eta, txostenean, aurretik aipatzen ez ziren auzi prozesuak be gehitu dituelako".

 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!