Goiuriko betelekurako jarduera baimena balio barik utzi dute

Anboto 2013ko ira. 26a, 14:06

Errekurtsoa aurkezteko aukera egon arren, Euskadiko Alhoku Batzorde Juridikoaren ebazpenagaz amaitutzat jo dute martxoan hasitako prozedura

Errekurtsoa aurkezteko aukera egon arren, Euskadiko Alhoku Batzorde Juridikoaren ebazpenagaz amaitutzat jo dute martxoan hasitako prozedura.

 

Lukupeko Troka eta Luku Txiki ibarbideak lurrez betetzeko, Iurretako Udalak 2010ean emandako obra eta jarduera baimena balio barik utzi dute. Euskadiko Aholku Batzorde Juridikoaren ebazpena onartuta, martxoan hasitako prozedura amaitutzat jo dute; lizentzia baliogabetzeko txosten hori nahitaezkoa eta loteslea da. Gaur goizean egin dute ez-ohiko udalbatzarra.

 

Deuzestasun-kausa bazegoela ikusita, Astuariasko Auzitegi Gorenak ibarbideak lurrez betetzeko Jaurlaritzak emandako baimena baliogabetu eta gero, hasi zuen prozedura udalak; URA agentzian ez zituzten tramitera eroan bi langileren kontrako errekurtso-gertakari bi.

 

Bilduk ez du bozkatu

EAJ, PSE-EE eta PPk onartu dute txosten juridikoa. Bilduko zinegotziak aretotik irten dira, “bozketan parte hartzeko irizpide nahikoa” ez dutelakoan. Txostena aztertzeko 24 ordu baino gutxiago izan dutela kritikatu du Bilduk, eta horixe arrazoitu dute gaurko udalbatzarraren premiatasuna ez onartzeko ere. Udalean atzo jaso zuten 13 orriko txostena, eta biharko ebatzi beharra zuten. Epeak denentzat berdinak direla, eta ebazpena argia dela azaldu dute beste udal taldeek; prozedura gelditu eta berriro hasteagaz ez dira bat etorri. Prozedura guztia berriro hasi beharra izanez gero epeekin arazo berdina izango luketela uste du PPk, eta, PSE-EEk emaitzak berdinak izango liratekeela: "Uste dugu besteren batzueri eman gura zaiela denbora". Iñaki Totorikaguena alkateak azaldu du epeak emandakoak direla eta berriro ere prozedura guztia hasi beharrari ez dio zentzurik ikusten.

 

Bestalde, Bilduk gogorarazi du, auzi horregaz lotuta, udalaren kontrako prozedura administratibo bi daudela zabalik Bilboko 2. eta 5. epaitegietan. Horiek argitzea izango dela onena uste du Bilduk. Udalak, baina, amaitutzat ematea eskatu du. Alkateak dioenez, “bestelako deuzestasun-kausarik dagoen edo ez epaileek erabakiko dute”. Hala ere, “une honetan baimen hori juridikoki ez da existitzen”.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!