Irakurzaletasuna bultzatzeko Iurretako Bibliotekan egiten duten lanari saria

Anboto 2014ko urt. 10a, 14:50
Irakurzaletasuna bultzatzeko liburutegietan egiten duten lana goraipatzen duen FEMP saria jaso berri du Iurretako Bibliotekak, Madrilen

Espainiako Estatuko Kultura Ministerioak eta Udalerrien elkarteak emandako saria jaso dute Iurretako alkateak eta Bibliotekako arduradunek, ekitaldi horretan.

 

Aurretik ere beste hainbat aldiz goraipatu izan dute FEMP sariketa honetan Biblioteka honen lana, eta Estatuko 5.000 biztanletik beherako herrietako liburutegien sailean lehenengo saria egokitu diote 2013an: 12.000 euro eta 180 literatur nobedadek osaturiko bilduma izan da saria.

 

"Herri txikia izanda Iurretako Bibliotekak herri handiagoek baino proiektu osoagoa eta erakargarriagoa daukala" azpimarratu dutela Madrilgo gaurko ekitaldian, azpimarratu du Iñaki Totorikaguena alkateak. "Saria lan gogorraren ordaina" dela ere esan du Totorikaguenak.

 

Iurretako liburutegiak adin guztietako herritarrak erakartzeko martxan ipinitako ekimen txalotu ditu lehiaketaren balorazio batzordeak: herriko ikastetxeetako ikasleei zuzenduta egindako bisita gidatuak, ipuin-kontalarien saioak, ipuin eta bertso lehiaketak, etab.

 

Bide horretan jarraitzeko akuilu dute sari hau Iurretako Herri Bibliotekan: "Kalitatezko zerbitzu publiko bat eskainiz aurrera" jarraituko dutela azpimarratu du Ziortza Onaindia Herri Bibliotekako kudeatzaileak.

 

 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!