Sanmigeletako lehenengo pausuak mendirik mendi egingo dituzte

Anboto 2013ko ira. 18a, 16:16

Zaldai mendi taldeak Iurretako IV. Mendi Martxa antolatu du zapatu honetarako. Martxa laburra -25 kilometrokoa- edo martxa luzea -45ekoa- egin daitezke

Zaldai mendi taldeak Iurretako IV. Mendi Martxa antolatu du zapatu honetarako. Martxa laburra -25 kilometrokoa- edo martxa luzea -45ekoa- egin daitezke.

 

Iaz 235 mendizalek parte hartu zuten Iurretako mendi martxan, eta aurten ere Iurretakoak eta Euskal Herriko txoko askotatik etorritakoak, ugari izango dira Zaldai mendi taldeak antolatutako martxan.

 

\"\""Iurretatik aurrez aurre ikusten diren mendiak"
Aurrekoetan moduan, martxa bi egongo dira zapatuan, luzea eta laburra. Luzeko parte hartzaileek 07:00etan irtengo dute frontoitik, eta aurreko urteetakoa baino ibilbide luzetxoagoa izango dute aurretik, 45 kilometrokoa. Erlantz Zaldunbide Zaldaiko kideak kontatu duenez, ibilbide berezia izango da: “Durangaldeko mendi esanguratsuenak edo guk Iurretatik aurrez ikusten ditugunak inguratzea gura izan dugu”. Iaz Atxartetik Pol-polera joan ziren, eta aurten Artolara jo, Sagastara bajatu eta handik Arrazolara abiatuko dira. Gero, Mariren koba azpiko bidetxo batetik Zabalaundirantz jarraituko dute.

 


Bide laburragoa egin gura dutenentzat 09:00etan izango da irteera ordua frontoian. Iazko ibilbide bera da: Leunganeko tontorretik pasatuta, Mugarra inguratuko dute 25 kilometrotan. Zaldunbideren berbetan, “kirol apur bat egiten duen edonorentzako egokia da”.

 


Honezkero ehun pertsona baino gehiagok eman du izena internet bidez. Mendi taldearen webgunean eman daiteke izena: www.zaldaimenditaldea.org. Egunean bertan ere egin daiteke izen-ematea, irteera ordua baino ordu bete lehenago.

 


Martxaren antolakuntzan hogei lagun baino gehiago ibiliko da boluntario lanetan. Bidean lau hornidura gune egongo dira, eta helmugan, opariak eta dutxatzeko aukera egongo da. Irten aurretik eta heldutakoan mokadua hartzeko aukera egongo da frontoian.



Hurrengo zita azaroan
Zapatuko martxaren ostean, Zaldai taldearen hurrengo irteera azaroaren erdi aldean izango da. Kultur etxeak antolatzen duen Munduko Paisaiak ekimenean, Iurretako auzoetatik igarotzen den martxa antolatu du azken urteetan Zaldai mendi taldeak: “Herritarrei begirako irteera izaten da, adin guztietako iurretarrek parte hartzeko modukoa”, adierazi du Erlantz Zaldunbidek.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!