"Elefante bat lasaitzeko gelditu, eta kantatzen hasi behar izan ginen"

Anboto 2013ko ira. 13a, 13:30

Bizikletaz egin zuen lehen bidaia handia, Ainara ezagutu aurretik egin zuen Endika Fernandezek; Usuaiatik Alaskara joan zen. Ezagutu zirenetik biziketaz bidaiatu du Iurreta eta Ermuko bikoteak: Kanada, Estatu Batuak, Japonia, Sri Lanka... ezagutu dituzte. Azken hiru urteetan Afrika aldean izan dira

Bizikletaz egin zuen lehen bidaia handia, Ainara ezagutu aurretik egin zuen Endika Fernandezek; Usuaiatik Alaskara joan zen. Ezagutu zirenetik biziketaz bidaiatu du Iurreta eta Ermuko bikoteak: Kanada, Estatu Batuak, Japonia, Sri Lanka... ezagutu dituzte. Azken hiru urteetan Afrika aldean izan dira.

 

Afrika gustatu zaizue, hirugarren biderrez bertara joateko!

Ainara Arrizabalaga: Oso gustura ibili gara. Herrialde oso segurua da, ez dago lapurretarik, jendea beti dago laguntzeko prest... Lehenengo urtean Zimbabwe eta Mozambikera joan ginen. Iaz, kosta batetik bestera joan ginen, Tanzaniatik, Malawi, Zambia, Botswana eta Namibiara arte. Aurten Ruanda, Uganda, Kenia eta Tanzania.

 

Harrapatu egiten du bizikletan bidaiatzeak?

Endika Fernandez: Askatasun handia ematen dizu plana momentuan erabakitzen joateko. Berezia da, zabiltzan lurraldearen esentzia harrapatzen duzulako: usaina, klima, jendea, bazkaria... Bizikletarik gabe sekula geldituko ez zinen lekuetan jan eta lo egiten duzu.

A. A. : Tanzanian, adibidez, bizikletaz egin genuen zonalde bat, eta gero, safari batean joan ginen bertatik, jeepean. Ez zeukan zerikusirik. Bizikletagaz, masaiak ikusten genituen, gelditu egiten gintuzten, gauzak galdetzen zizkiguten. Kotxean, telebistaz ikusten egongo bagina lez genbiltzan. Ez duzu bizitzen. Oso ondo ibili gara aurten, baina gogorra ere izan da.

 

Zergatik?

A. A.: Ruandan, Kongoko mugan errefuxiatuen kanpaleku asko ikusi genituen. Telebistaz ikusi ditzakezu, baina han ikustea beste kontu bat da. Gogorra. Gero, Ruandan jendea ez dago ohituta jende zuria ikustera. Herri txiki batean ura erosteko geratu, eta guztiak gerturatu zitzaizkigun. Hasieran biribil zabal bat zen, baina gero ixten, ixten, eta azkenean bat ausartu zen gu ukitzera: zuriak gara, eta kuriositatea daukate. Hasieran bat izan zen, eta azkenerako ia guztiak. Imajinatu 200 pertsona, zu erdian, eta denek ukitu nahi zaituzte!

 

Abentura bat baino gehiago emango du horrela bidaiatzeak.

E. F.: Anekdota asko izan ditugu, baina ez dut ahaztuko Zion elizakoekin izan genuena. Hurrengo astean erromesaldi erraldoi batean herrialdeko presidenteak erabiliko zuen etxea utzi ziguten. Telebista zeukan, hidromasajea... eta kilometro askotan ez zegoen ezer! Gero segurtasunekoak galdera gehiegi egiten hasi ziren, eta gauean guztiak zoratuta baleuden errezatzen... Ni arduratuta egon nintzen ea leku arriskutsuan sartu ote ginen... Dena ongi irten zen baina harrezkero ez dugu erlijio etxeetan lorik egiten.

A. A.: Animaliekin ere komeriak izan ditugu. Behin parke nazional batera sartu ginen bizikletekin. Ez genekien, baina debekatuta dago. Elefanteak urduri jartzen dira bizikleten gurpilek egiten duten soinutxoarekin. Elefante bat oso urduri ipini zen, belarriak mugitzen, eta gugana etorri zen zuzenean. Horrelakoetan, gelditu, eta abesten hasi behar da. Irakurrita neukan hori.

 

Zer kantatu zenuten?

A. A.: Haurreskoletako abestiren bat kantatu nuen, haurreskolan lan egiten dut eta. Pintxo pintxo edo Arantzantzan edo ez dakit... Lasaitu eta joan zen elefantea.

 

Hurrengo bidaia nora?

E. F.: Goizegi da, baina ez da izango gogo faltagatik. Nik gogo asko daukat oso populazio gutxi duten herrialdeetara joateko. Badio esaera batek dena aurkitzen dela ezer ez dagoen lekuan!!!

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!