Atzerriko hiru hizkuntza praktikatzeko aukera

Anboto 2013ko ira. 13a, 08:26

Ingelesa, frantsesa eta alemana praktikatzeko gunea eskainiko dute Iurretako Herri Bibliotekan

Ingelesa, frantsesa eta alemana praktikatzeko gunea eskainiko dute Iurretako Herri Bibliotekan.

 

Azken urteetan atzerriko hizkuntzen liburutegiko sailean erabiltzaile gehikuntza handia nabaritu dute Iurretako Herri Bibliotekan. Eta inbertsio handia egin dute sailaren zerbitzua aberasteko. Ziortza Onaindia Herri Bibliotekako arduradunak azaldu duenez, “gero eta jende gehiago dago atzerriko hizkuntzak ikasten”. Erabiltzaile horientzako ingeles, frantses eta aleman mintzapraktika taldeak ipiniko dituzte martxan, aurten, lehenengoz.

 

Hizkuntza horietan komunikazio gaitasuna daukaten 16 urtetik gorakoei zuzenduriko eskaintza da: “lasai berba egiteko gunea”. Deustuko Unibertsitateko eta EHUko ikasleek jardungo dute taldeak dinamizatzen. Irailaren 27ra arte eman daiteke izena.

 

Herri Bibliotekaren eta Ibarretxe kultur etxearen ikasturte berrirako eskaintza aurkeztu zuten, Iñaki Totorikaguena alkateak, Pili Jimenez kultur etxeko arduradunak eta Ziortza Onaindia liburuzainak, atzo.

 

“Adin tarte guztietako iurretarrak liburutegira erakartzeko” hainbat ekimen ipini dituzte azken urteetan Iurretako Herri Bibliotekan martxan. Denak mantendu dituzte. Ziortza Onaindiak azpimarratu duenez, “irakurketa klubak dira gure harrobia: horiekin lortu dugu irakurzaletasuna, ume, guraso eta aitita-amamen bitartez etxeetara sartzea”. Ekimen erakargarriak eskainita, eta herriko elkarteak eta ikastetxeak lagun hartuta, lan gogorraren ondorioz lortu dute ekimen horiek guztiak egonkortzea, Totorikaguena alkatearen arabera. Aurten ere ez dute hutsik egingo ume zein helduentzako hileroko ipuin-kontalariek, irakurketa klubek, gazteentzako sormen lehiaketek, jaioberri eta gurasoentzako eskaintzek, emakumeen literatur tailerrak...

 

Ekimen horien guztien arrakasta, eta Iurretako Bibliotekak aurten FEMP sari nagusia jaso izana ospatzeko, bestalde, Bibliotekaren Eguna ospatzeko egitaraua prestatzen dabiltza Herri Bibliotekan. Iurretako Bibliotekan irakurketa bultzatzeko egindako lana goraipatu dute sari horregaz. Umeentzako ipuin-mozorro jaialdia, eta helduentzako poesia errezitaldia antolatu dituzte, besteak beste, ospakizun egun horretarako.

 

Askotariko tailerrak

Ibarretxe kultur etxeko aisialdirako eskaintza ere aurkeztu zuten, atzo, Iurretan. Hamaika tailerretan parte hartzeko 287 plaza eskainiko ditu ikasturte honetan Iurretako Udalak: pintura, yoga, sabel dantza, edo sukaldaritza, egin daitezke, esaterako.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!