Bederatzi urtera artekoentzat futbol eskola sortu dute

Anboto 2013ko ira. 4a, 13:00

Gertasport elkarteak sortu du eta 4 eta 9 urte artekoei zuzenduta dago; astean birritan Iurretako Larrakozelaian eta Maiztegiko azpiegituretan batuko dira

Gertasport elkarteak sortu du eta 4 eta 9 urte artekoei zuzenduta dago; astean birritan Iurretako Larrakozelaian eta Maiztegiko azpiegituretan batuko dira.

 

Gertasport elkarteak futbol eskola sortu du inguruko jokalari gaztetxoei zuzenduta. Lau eta bederatzi urte artekoei bideratuta dago, eta irailaren 20tik aurrera astean birritan batuko dira. Eguazten eta barikuetan, 17:00etatik 18:30era. Jarduera Iurretako azpiegitura bitan garatuko dute: Larrakozelaia futbol zelaian eta Maiztegi eskolako areto-futbol kantxetan.

 

Futbol eskolak hainbat alderdi landuko ditu gaztetxoekin (hiru adin tartetan banatuta), baina helburu nagusiak bitan laburbildu daitezke. Batetik, futbolaren alderdi teknikoa landuko dute: buruz buruko teknika, talde lana, oinarrizko trebetasun motorrak… Horregaz batera, adiskidetasuna, esfortzua eta elkartasuna lako baloreak txertatzen saiatuko dira: “Balioak lantzeari garrantzi handia ematen diogu, futbolean ez ezik, bizitzan bertan ere eragiten duen alderdia delako”, dio Jon Gurutz Vazquez arduradunetako batek.

 

Futbol eskolan parte hartu ahal izateko adin tartea bederatzi urtera mugatzeak ere baditu bere arrazoiak. Batetik, futbol klubak, normalean, adin tarte horretatik gora hasten dira taldeak sortzen, eta eskolaren lana kluben lanarekin bateragarria omen da: “Inguruko klubek gure lana aprobetxatu dezakete, eskolako gaztetxoek bost urteko formazioa eginda luketelako”. Era berean, inguruko ikastetxeekin “eskutik helduta” lan egiteko asmoa dute: “Batzuetan kezkatuta agertzen dira jokalari gazteak arin joaten direlako futbol klubetara. Guk formazioa eskainiko diegu, baina hori ez da eragozpen izango euren ikastetxean futbolean jokatzen jarraitzeko”.

 

Gurasoentzako hitzaldiak

Gaztetxoen heziketa prozesuan gurasoentzako baliagarriak izan daitezkeen hitzaldiak antolatzeko asmoa ere badute. Athletic Fundazioaren bidez, noizerik noizera, Athletic-eko psikologoa edo nutrizionista ekarriko dituzte gurasoak informatzeko.

 

Izen-ematea webgune bidez egin daiteke: gertasport.com. Gazte bakoitzarentzako beharrezko materialak 110 euro balioko du hasieberrientzat, eta 85 edo 70 euro kanpusean parte hartu zutenentzat, arropa batzuk orduko berdinak direlako. Horregaz batera, irailetik aurrera kuota ordaindu beharko dute. Urritik aurrera, berriz, kuotak hiruhilerokoak izango dira: 120 euro asteko klase biak aukeratzen dituztenentzat, eta 90 euro zazpi egunean behin klase bat besterik gura ez dutenentzat. Klaseak lizentziadunek eta  arlo horretan esperientzia zabala duten monitore zein entrenatzaileek eskainiko dituzte.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!